
2010ean egindako elkartasun eguneko argazki erakusketa
Gernika-Lumoko herritarrek iheslarien aldeko Elkartasun Eguna antolatu dute zapaturako. Aldarrikapena eta jai giroa uztartuz, hortaz, iheslariei eta euskal presoei babesa adierazteko eguna izango da.
13:00etan, esaterako, ekitaldi txiki bat egingo dute
Iheslariak Etxera lelopean, Merkurio iturriaren ondoan. 14:30ak aldera, bestalde, lagunarteko bazkaria egingo dute txartela erosten dutenek. Jakinarazi dutenez, Arrano, Ospa, Lagun-Etxea eta Aterpe tabernetan erosi daitezkete bazkarirako txartelak. Langabetuek, ikasleek eta umeek hamarna euro ordaindu behar dituzte, eta gainontzekoek 20 euro. Barikura arte (hilaren 6a) izango dira salgai txartelak.
Bazkalostean, Ibon Ajuria eta Xabier Arriaga Txiplas ariko dira bertsotan. Ekitaldi politikoa, elkartasun zozketa eta dantzaldia ere izango dira arratsaldean. Antolatzaileen berbetan, sorpresaren bat ere izango da Elkartasun Egunean.