Euskaraz gara leloagaz bat egin eta hilaren 14an Tolosan ospatuko den Udalerri Euskaldunen Egunean parte hartzeko deialdia egin du Bermeoko Udalek. Zapatuan, ekainak 7, egingo dute mosaiko erraldoia, 14:00etan, Goiko Plazan.

Mosaiko erraldoian
Euskaraz gara leloa osatuko dute herritarrek batean eta bestean. Ekintza horregaz, udalak hilaren 14an Uemak antolatuta Tolosan egingo den jaian parte hartzeko deia egingo die herritarrei. «Lehen Uema Eguna zena, aurten Udalerri Euskaldunen Eguna izatera pasatu da. Izan ere, Ueman ez dauden beste udalerri euskaldunak ere jaira gonbidatu nahi izan ditugu», azaldu dute Uemako ordezkariek.
Erromeidxen barruan egingo da ekimena. «Bermeoko Udalak eta Uemak euskararen aldeko mosaiko horretan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritar guztiak».
«Arnasguneen beharra»
Udalerri Euskaldunen Egunak «euskararen arnasguneen beharra eta euskaldunen jokamolde aktiboa» aldarrikatuko ditu, besteak beste. «Uemak gogoratu duenez, bermeotarren %70 euskaldunak dira eta horregatik, gure udalerria euskararen eta euskaldunon arnasgunea dela esan dezakegu», gaineratu dute Bermeoko Udaleko ordezkariek.
Uemaren arabera, «azken mapa soziolinguistikoak erakusten du arnasguneak ahuldu egin direla; atzerakada bat jasan dutela udalerri euskaldunenek». Datu horrek
kezka sorrarazi du Ueman. «Hortaz, ezinbestekoa iruditzen zaigu arnasguneak sendotzeari begirako lana, eta, horretarako, dauden hutsuneen zergatiei erreparatzea eta hutsuneak dauden eremu horietan eragiteko lanei ekitea».
Errealitate horren aurrean, Bermeoko Udalak orain arteko bidean jarraitzeko konpromisoa berretsi du: «Oztopoak oztopo, harro eta alai adierazi nahi dugu Bermeon euskaraz garela eta, etorkizunean ere horrela izaten jarraitzeko lanean tinko jarraituko dugula. Beste udalerri euskaldunekin elkarlanean egiteko garrantzitsua dugu: euskararen lurgunea trinkotzea, saretzea eta nola ez, hedatzea», azpimarratu dute Bermeoko Udaleko ordezkariek.
Bateko eta besteko herritarrekin, ekainaren 14an, udalerri euskaldunek egun osoko jaia egingo dute, Tolosan.