
Arrano arrantzalearen berreskurapen proiektuaren barruan, enpresa praktikak egiteko aukera eskainiko du Urdaibai Bird Center-ek, udan. Jakinarazi dutenez bi praktika mota jarri dituzte aukeran. Bi kasu horietan hiruna txanda izango dira, eta txanda bakoitzean bina pertsona ariko dira. Hala, guztira hamabi lagunek egin ditzake praktikak hegaztien behatokian.
Alde batetik, txori mota horren jarraipen zientifikoa egiteko aukera emango du Bird Center-ek. Azaldu dutenez, paduran askatuko dituzten aleen portamoldearen monitorizazio lanetan parte hartuko dute lehen aukeraren alde egiten dutenek. Migrazio garaian dauden arrano arrantzaleekin izan ditzaketen harremanak ere aztertuko dituzte.
Lehen aukera horretan hiru txanda izango dira: abuztuaren 1etik 15era, abuztuaren 16tik 31ra, eta irailaren 1etik 15era. Sei pertsonako gehienezko kopurua bete ezean, interesatuek txanda bat baino gehiago egiteko aukera izango dute.

Izena emateko,
agalarza@telefonica.net helbidera bidali behar da kurrikuluma. Epea hilaren 27an zarratuko dute.
Bigarren praktika motaren barruan, bestalde, Urdaibain birsartutako arrano arrantzaleen zainketa lanak egin ditzakete ikasleek. Arrano arrantzaleak askatu aurretiko lanetan parte hartzea da helburu nagusia: hegaztiak elikatzea, portamoldearen jarraipena egitea, aleak askatzea, eta hasierako egunetako jarraipena egitea.
Bigarren aukera horrek ere hiru txanda ditu: uztailaren 1etik 15era, uztailaren 16tik 31ra, eta abuztuaren 1etik 15era. Interesatuek
aranzadi@birdcenter.org helbidera bidali behar dute kurrikuluma. Izena emateko epea hilaren 10ean zarratuko dute.