
Domekan (ekainak 8) baserritarren eguna ospatuko dute Ereñoko biztanleek. Egun hori antolatuta, Ereñoko landa izaera goraipatu nahi dute antolatzaileek. Izan ere, bertoko baserritarrek eskeintzen dituzte kalitate goreneko produktuak, eta horiek ekoizteko esfortsua nabarmendu nahi dituzte.
10:30ean zabalduko dute herriko produktuen erakusketa. Besteak beste, baserriko produktuak, abereak, artisauak eta bigarren eskuko produktuen saltzaileak izango dira Eleizalde auzoan.
12:00etan, bestalde, meza santua egingo dute; eta, ostean, Kabelinatxe Dantza Taldeko kideek emanaldia eskainiko dute. Amaitzeko, 13:30ean aizkolarien erakustaldia izango da. Gaizka Lopez (Laudio) eta Igor Duñabeitia (Forua) ariko dira lehian.
Herriko emakumeek taloen txosna bat jarriko dute. Taloagaz batera, gainera, bertoko zenbait txakoli dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Gautegiz Arteagako Egalak eta Kerixenek, Arratzuko Mintziskok eta Kortezubiko Omabeitik zenbait txakoli eramango dituzte baserritarren egunera.