
Gure Esku Dagok Ean egindako mosaikoa
Ekainaren 8rako egun bi falta dira, eta motorrak ondo berotuta dakartzate Busturialdeko herritarrek. Euskal Herriko zein kanpoko bizilagunekin batera, prest dira etzi Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katean parte hartzeko. Hasiera batean Gure Esku Dago dinamikak jarritako muga gainditu dute; 50.000 lagun baino gehiagok eman baitute izena. Bertoko herrietan, esaterako, 3.000 metro inguru saldu dituzte.
Hilabeteetako lan, ekimen eta indarrak batuko dituzte han eta hemengo herritarrek domekan. Sexuan, adinean, ideologian, nortasunean… aniztasun ugari izango da, baina helburu bakarra: etorkizuna euskal herritarren esku dagoela aldarrikatzea.
Horiek guztiak Durangoko Landako gunetik hasiko dira Iruñera bitarte dauden 123 kilometroak eskuen bidez lotzen.
12:00etan emango dio hasiera ekitaldiari adarraren hotsak, eta ordu erdiz, etenik barik lotuta egongo dira hiriburu biak, berriro ere, soinu bera entzun arte. Hala ere, antolatzaileek 10:00etarako nor bere kilometroan egoteko eskatu dute.
Giza katea bukatuta, egitarauagaz aurrera egingo dute Iruñean, Etxarri Aranatzen, Durangon, Lazkaon eta Bergaran. Hala, 14:00etatik 20:00etara izango da zer egin herri horietan.
Eguna oraindik heltzear den arren, dinamika jada «arrakastatsua» dela aitortu du Gure Esku Dagok: «Herri askotan, sentsibilitate politiko ezberdineko jendea bildu da norabide berean». Asko izango dira domekako hitzorduagaz bat egingo dutenak, eta horiek guztiak antolatzea ez da lan erraza izango; horregatik, antolatzaileen gomendioei kasu egiteko deia egin dute.
Autobusek lehentasuna
Autobusek lehentasuna izango dutela azaldu dute; hortaz, «garrio modurik erraz, eroso eta egokiena» izango dela diote.Herrietako antolatzaileek ordua baino lehenago geltokietan egoteko deia egin dute. Kotxez joatea erabakitzen dutenek, aldiz, aurreko eta atzeko kristalean argi ikusteko moduan adierazi beharko dute zein kilometrora doazen, horren arabera, toki batera edo bestera bidaliko baitituzte aparkatzera. Halaber, errepidea ez dela zati guztietan moztuta egongo eta, segurtasun arauak errespetatzea ere eskatu du Gure Esku Dagok. Bestalde, katea errepide ezkerraldean osatuko dutela jakinarazi dute, Durangotik Iruñerako norabidean.
Domekakoa zita garrantzitsua izango dela argi du Gure Esku Dagok; dena den, ez du ekimenaren amaiera bertan jarriko, aurrerantzean ere, ekitaldi desberdinak antolatzeko asmoa baitute.
METROAK ETA AUTOBUSAK, HERRIZ HERRI
Busturialdeko herri txikiak. Herri txikietan, guztira, 734 metro saldu dira, momentuz.
Ajangiz. 77 metro saldu dituzte. Autobus bi aterako dira 09:00etan.
Bermeo. 1.111 metro saldu dituzte. 19 autobus aterako dira Bermeotik; hain zuzen ere, Bizkaiko Jaurerria kaletik 09:00etan.
Busturia. 80 bat metro saldu dituzte Busturin. Autobus bi Axpetik abiatuko dira 09:00etan eta 09:15ean Foruan batuko dituzte bertako biztanleak.
Ea. 200 bat metro saldu dituzte. 08:30ean aterako dira 3 autobusak udaletxe aurretik.
Elantxobe. 08:45ean aterako dira 2 autobusak; Ibarrangelun batuko ditu herritarrak 09:00etan eta Kanalan 09:15ean.
Gautegiz Arteaga. 09:00etan aterako da autobusa udaletxe aurreko plazatik.
Gernika-Lumo. 1.125 metro saldu dituzte. Autobusak 09:00etan aterako dira autobus geltokitik.
Kortezubi. 09:00etan aterako da autobusa aparkalekutik.
Muxika. 85 metro saldu dituzte. Autobus bi aterako dira 09:00etan Kurtzero auzotik eta Muxika, Errigoiti, Morga eta inguruko herritarrak batuko ditu.
Nabarniz. 2 autobus abiatuko dira 09:00etan; 09:15ean Belendizen egingo dute geldialdia arratzuarrak bertan batzeko.