
Ingurumenaren Mundu Mailako Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua Busturian batu da gaur. Hain zuzen, 09:30ak aldera heldu dira Gobernu Kontseiluko kideak, tartean Iñigo Urkullu Lehendakaria. 10:00etan, bestalde, hasiera eman diote Gobernu Kontseiluaren bilerari.
11:30etan, bileraren osteko ohiko agerraldia egingo dute Jaurlaritzako ordezkariek. Hain zuzen, Josu Erkoreka bermeotarrak eta Ana Oregik emango ditzute azalpenak. Bertan Oregik azaldu duen legez, «Euskadiko ingurumen-adierazleek (klima-aldaketa, aire, ur, lurzoru, biodibertsitate, baliabide material eta hondakinei dagozkienak) jasangarritasunerako aurrerapauso positiboa adierazten dute». Euskadiko Ingurumen 2013ko Profila aurkeztudu gaur Oregik, eta txosten horren emaitzen arabera, industria izan da ingurumena hobetzeko ahalegin handiena egin duena azken urteetan. Sektore horrek, esaterako, berotegi-efektuko gasen isuria %42 murriztu du 1990 eta 2012. urteen artean, eta airearen kalitatean duen eragin txara ere nabarmen murriztu du. Hondakin arriskutsuen sorkuntzan ere behera egin du industriak 2003tik 2010era %10 muriztuz, eta birziklatze-tasa, berriz, %39tik %61era handitu du. EAEko uraren kalitateari dagokionez, bestalde, lurgaineko ur-masen egoera ekologiko eta fisiko-kimikoak aldeko joera erakutsi du.
Hala, txosten horren emaitzak kontuan hartuta definituko dituzte 2015-2020 Ingurumeneko IV. Esparru Programaren lehentasun eta lerro estrategikoak.
Langabezi tasa baxuagoa
Oregiren aurretik, gainera, Erkorekak hartu du hitza gaur goizean, eta aurreko hilabeteagaz alderatuta, maiatzean 3.206 langabe gutxiago izan direla nabarmendu du; alegia, %1,8ko jaitsiera. Datuok «positibotzat» jo ditu Eusko Jaurlaritzak, eta, gainera, sektore guztietan izan dela jaitsiera azpimarratu du. Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, badaude «suspertze sintomak», baina horren aurrean, «zuhurtzia» eskatu du, suspertze prozesua «luzea eta geldoa» izango baita.
Aipatu datuen ostean, Iñigo Urkullu lehendakaria Confint proiektuan parte hartzen ari diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen ordezkaritza bategaz batu da; guztira, zazpi ikastetxe eta 21 ikasle izan dira lehendakariagaz batera.
Busturiko Udalaren eskaerak
Busturiko Udala ere izan da gaur Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluagaz. Horiei harrera egin ostean, gauza bi eskatzeko aprobetxatu du udalak. Batetik, Euskadiko Biodibertsitate Zentroaren sarreran Busturia herriari buruzko argibide taula bat jartzeko eskatu du udalak; hartara, bertaratzen direnek herrian dauden aniztasunak eta biodibertsitatea ezagutu ditzaten. Bestetik, «Busturialde osoak ingurumenari buruz duen kezka nagusia» agertu dio Busturiko Udalak Jaurlaritzari: alegia, momentu honetan etenda dagoen Urdaibaiko Saneamenduko Plan Orokorra elkarlanean martxan jartzeko eskatu dio, «azpiegitura hori izan eta erabili barik, Urdaibaiko Biosfera Erreserba hau arrisku larrian jartzen ari garelako».