Joan den barikuan izendatu zuten Euskaltzaindiako ohorezko euskaltzain 1934an jaiotako errigoitiarra. Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izendatzen ditu ohorezko euskaltzainak, euskarari egindako mesede bikainengatik. Joan den asteburuko ekitaldian, esaterako, 11 ohorezko euskaltzain berri izendatu zituzten, Martin Orbegaz batera. Azken izendapena 2010ean egin zuen Euskaltzaindiak.
Orbe 1958an apaiztu zen, eta 20 urtez izan zen Zeanuriko abadea.
Gogor apaiz taldeko kidea ere izan zen, eta Bilboko Elizbarrutian itxialdia eta gose greba egin ostean, atxilotu egin zuten 1969an. 1972ra arte izan zuten preso Zamorako espetxean.
Espetxetik irtendakoan Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes, eta Udako Euskal Unibertsitate (UEU) indartzeko lanean jardun zen. Manex Goienetxe UEUko lehen zuzendariak kargua utzitakoan, Orbe bera hautatu zuten zuzendari lanak egiteko. 1976tik 1983ra izan zen UEUko zuzendaria. Garai hartan erakundea Hego Euskal Herrira eraman eta bertan sustraitu zuen errigoitiarrak. 2012ko urriaren 18an UEUko merezimendu saria jaso zuen.
Euskal Filologian lizentziduna da, eta baita Bostak Bat taldearen kolaboratzaile sutsua ere. Euskal Apaiz Koordinakundeko, Bizkaiko Abadeen Foroko eta Herria 2000 Eliza kolektiboko kide ere izan da.