Kirolaz kanpoko arazoak albo batera utzita, Bermeoko Arraun Taldeak erakustaldia eman zuen joan den asteburuko Espainiako Trainerilla Txapelketan. Bermeotarrek, lehen momentutik hartu zuten estropada burua, Espainiako Txapelketa hori lehenengo biderrez irabaziz.
Bermeokoen aurkari nagusia Zierbena izan zen. Sailkapen estropadan 12 segundu galdu zituzten arren, zierbenatarrek estu hartu zuten Bermeo finaleko estropadan. Hain zuzen, 2,88 segundu aldeagatik bakarrik gailendu ziren bertokoak. Zierbenako ontzian, gainera, eskualdeko lagun batek ere egin zuen arraunean: Mikel Beaskoa gernikarra. Joan den urtean Portugaleten aritu zen bertokoa, eta aurten Zierbenagaz egiten du arraunean.
Cabo da Cruz hirugarren sailkatu zen, San Bartolomeu laugarren eta Astillero bosgarren. Astillero bandera irabazteko lehian egon beharko litzateke, baina huts egin zuen finalean. Sailkapen estropadan bigarren sailkatu zen Bermeorengandik hiru segundura.