Itzarri enpresaren bitartez, ikasturte hasieran jarri zuten martxan
Bermeon futbola oinarritik euskaraz programa Bermeoko Udalak eta herriko futbol taldeak. Oinarrizko taldeetan (110 bat ume biltzen dituzten taldeetan) euskara areagotzea helburu duen egitasmo horren emaitzekin “pozik” agertu dira bai Itzarrikoak, bai udala eta baita futbol taldea bera ere. Orain, beraz, Bermeoko futbol taldeko gaztetxoek futbola euskaraz jokatzeko eskubidea “bermatua” dutela deritzo Bermeoko Udalak.
Euskararen erabilera areagotzea ez ezik, futbol elkarteko talderik gazteenen entrenatzaileak euskaraz entrenatzeko gaitasuna jasotzea, saio teoriko eta praktikoak euskaraz ematea, material guztiak euskaraz argitaraturik izatea, euskarari merezitako balioa ematea eta euskara gozamenarekin lotzea ere badira programaren sustatzaileen helburuak.
Juan Mari Abio, Josu Unanue, Irune Ormaetxea, Koikili Lertxundi eta Xabier BIlbao, atzoko prentsaurrekoan
Horiek lortzeko bidean, udalaren eta futbol elkarteagaz batera, aldez aurreko lan bat egin zuen Itzarrik ikasturte hasieran; entrenatzaileei proiektua aurkeztuz, lan saioen prestaketa kudeatuz… Horren ostean hasi ziren formakuntzagaz, bai alde teoriko zein praktikoagaz. “Entrenatzaileekin kirol prestakuntza saioak egin ditugu euskaraz, kalitatezko formazioa eskainiz gure hizkuntzan”, adierazi du Itzarri enpresako ordezkari Koikili Lertxundik. Hala, saio horiek bukatuta, horien gaineko jarraipen eta kontrolak ere egin dituztela azaldu du Lertxundik.
Proiektua garatzean, besteak beste, hiru arazo antzeman dituzte Itzarrikoek: “batetik, antolakuntzaren arazoa, euskara ez den beste hizkuntza batean dagoen planifikazioa oinarri hartuta, zaila delako saioa euskaraz egitea; bestetik, ohituraren arazoa, batzuek gazteleraz entrenatzeko ohitura baitute; eta, azkenik, formakuntzaren arazoa, kiroletan, eta, kasu honetan, futbolean, formakuntzako bibliografia gehiena gazteleraz dagoelako”.
Hala ere, udalak, Itzarrik, Bermeoko Futbol Elkarteak zein entrenatzaileek egindako lanari esker, emaitza “onak” eman ditu aipatu programak. Entrenatzaileek urratsak eman dituztela deritzo Lertxundik eta metodologikoki talde guztiek izan duten hobekuntza azpimarratu du; “era egokian entrenatzen ari direla ikusi dugu”. Hala, Bermeoko Udalak ildo beretik jarraitzeko apustua egingo duela aitortu du, “kirola eta euskara elkarrekin joatea ezinbestea delako”.