[Elkarrizketaren aurrerapena; elkarrizketa osoa bihar]
Lur Hartzean lehen diskoaren ostean,
Herio izeneko lan berria dakar Urgatz musika talde bermeotarrak. Lan desberdina izango da, abestiak, bideoak eta antzerkia uztartuko dituena. Bihar bertan Nestor Basterretxea aretoko taulagainera igoko da boskotea berau aurkeztera. Saio bi emango dituzte doan, eta dagoeneko sarrera guztiak agortu dira. Xabi Ojinaga taldeko abeslariak taldearen ikuspegia eman digu.
Lan berria kalean, zer nolakoa da?
Abestiak plazaratzeko ohiko modutik aldendu nahi izan dugu, sortze prozesuei garrantzi handiagoa emanez. Bigarren lan honetan, gure lau abesti oinarritzat hartuz, ikus-entzunezko bidai bat proposatu nahi dugu, abestiez gain, bideoak zein antzerkia jorratuz.
Zer bilatzen du Herio lanak?
Abestiek helarazi nahi duten mezua indartu nahi dugu; alegia, letrei dagokien garrantzia eman eta ikuslea gure abiapuntu berean kokatu. Gerora, bakoitzak bere ondorioak atera ditzan.
Lehenengo lanarekin alderatuta, desberdintasunik aurkituko al du entzuleak?
Aurreko lanean bezala, lan osoa autoekoiztua izan da, eta aurrekonturik ez izan arren, oraingoan musika, letrak zein soinua gehiago zaindu ditugu. Horrez gain, desberdintasunik aipagarriena bideoak eta antzerkia lantzearena izan dela esan dezakegu.
Ohiko diskotik ikus-entzunezko disko batera salto egin duzue. Nolatan hartu zenuten erabaki hori?
Eskura ditugun baliabideak ahalik eta gehien zein hoberen ustiatzetik eta geure mugak pixka bat askatzetik sortu zaigun ideia da. Horretarako, asko ikasi behar izan dugu eta normalean baino askoz lan gehiago egin eta erabaki gehiago hartu behar izan ditugu. Artearen alor berriak lantzeak osotasuna eman dio gure lanari, eta, azkenean, nahiko lan duina atera zaigula uste dugu.
Bihar bertan aurkeztuko duzue zuen lan berria herrian. Zer aurkituko du Nestor Basterretxeara bertaratzen denak?
Musika, proiekzio eta antzerkiz osatutako ikuskizuna izango da. Hauen bidez askatasunari buruzko hausnarketa aurkeztuko dugu.