Udaltop Soziolinguistika jardunaldian izan da Bermeoko Udala
Euskara planak hobetzea helburu duen Eralan proiektuan parte hartu du azken urteetan Bermeok Udalak, beste hainbat erakundegaz batera. Orain, proiektu horren emaitzak azaltzeko aukera aprobetxatu dute Udaltop Soziolinguistika jardunaldian.
Hala, Bermeoko alkate Idurre Bideguren eta udaleko euskara teknikariak Bermeon izandako esperientziaz aritu ziren bertan; horregaz batera, administrazioetako euskara planentzako esperimentazio eta berrikuntzaren bidetik proiektuak suposatu duena ere izan zuten mintzagai. Azkenik, etorkizunera begira dituzten proposamenak ere azaldu zituzten.
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, «ikerketa aplikatua» izan da Eralan proiektuan landutakoa; «alegia, euskara plana dugun erakundeetan hizkuntza-lidergoaren bidez plan horiek hobetzeko metodologia ikertu eta zazpi erakundetan egindako esku-hartzeen bidez maila teorikoan definitu duguna praktikara eramateko saiakera egin da».
Hizkuntza lidergoan sakonduz
Bermeoko euskara teknikariekin batera, alkatea, udaleko beste hainbat agintari, zerbitzuburu, teknikari eta sindikatuetako ordezkari izan dira lanean Eralan proiektuan, eta horien iritziz, «udalak daukan hizkuntza lidergoan sakontzeko aukera» izan dute. Azken finean, euskara plana lantzeko modu berri bat definitu dute lan saioetan, eta horren barri emateko bilerak egiten dabiltza azken hileotan udaleko sail ezberdinetan.
Hala, Bermeoko Udalak Eralan proiektuko saioetan parte hartu duten lankide, sindikatuetako ordezkari eta arduradun politikoak eskertu ditu, «udalaren erabilera planari begiratu berritzailea emateko prest egon direlako».