Bermeoko Ingurumen Astea, iaz
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute ekainaren 5ean; hala ere, egun horren aurretik zein atzetik ere izango dira ospakizunak Bermeon zein Busturiko Madariaga Dorretxean.
Domekan hasiko dituzte ingurumenari lotutako jarduerak Bermeon eta datorren asteburuan ospatuko dute Busturian.
«Umeak zein nagusiak ingurumenaren garrantziaz eta berak dituen arazoez ohartzea eta udalerriko ingurumen balio zoragarria ezagutzera ematea» helburu hartuta antolatu ditu ekintzok Bermeoko Udalak. Horien bitartez, gainera, ondare arkeologikoa babestearen garrantzia ere azpimarratu nahi dute.
Domekan hasita, Bermeon
Hala, domekan hasi eta datorren astean zehar ez du aspertzeko betarik izango herritarrak: ingurumen arloko boluntario jardunaldiagaz hasiko dute egitaraua, eta hitzaldi, dokumental, mahai-inguru, irteera gidatu eta tailer bategaz borobilduko dute Ingurumen asterako antolatutako jaduerak.
Busturian ere izango da zer ospatu datorren asteburuan: zapatuan, esaterako, itsas faunaren aberastasuna ezagutzeko irteera, Urdaibaiko paduretara ibilbide gidatua, itsasontziz egindako irteera edota Berezi Basora bisita izango ditu herritarrak eskura. Domekan, aldiz, hareatza eta paduretan garbiketa, tailer ezberdinak eta itsasontziz irteera egingo dituzte, besteak beste.
Bateko zein besteko antolatzaileek ekintzetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, eta, era berean, ingurumenaz gozatzera.
EGITARAUA:
Bermeo
Ekainak 1, domeka. 09:30etik 17:00etara, ingurumen arloko boluntario jardunaldia egingo dute Tribisko errota dagoen lekuan landare inbaditzaileak eta hondakinak kentzeko. Lehenengo, Lurgaia Fundazioko kideek azalpen txiki bat emango dute, eta, ostean, aitzurrak, poltsak eta eskularruak banatuko dituzte eta lanean hasiko dira. Eguerdi partean, hamaiketakoa egingo dute. Parte hartzeko izena eman behar da info@lurgaia.org helbidean edota 656 703 496 telefonoan.
Ekainak 4, eguaztena. 19:30ean Gizarte eta Kultura Etxean, Juan Carlos Lopez Quintana Agiri arkeologia taldeko kideak Sollubeko mendi ibilbide megalitiko berria aurkezteko hitzaldi bat emango du: La ruta megalitica de Sollube: otra manera de conocer el patrimonio arqueologico.
Ekainak 5, eguena. Tokian tokiko basogintzaz eta basoko kulturaz zenbait hausnarketa sustatzeko, 19:30ean Nestor Basterretxea aretoan, Baso ahaztuak dokumentala emango dute. Ostean, mahai-inguru txiki bat egingo dute egungo basoen erabilerari buruz.
Ekainak 6, barikua. 17:00etatik 20:00etara, irteera gidatu bat egingo dute oinez onak diren baso landareak ezagutzeko. Goiko plazatik abiatuko dira.
Ekainak 7, zapatua. 10:00etatik 13:00etara, aurre egunean batutako landareekin plater desberdinak prestatzen ikasteko tailerra egingo dute Garbiñe Zulaika naturopata eta landaretan aditua den bermeotarraren eskutik, Gizarte eta Kultura Etxean.
Busturia
Ekainak 7, zapatua.
– 09:00etatik 15:00etara, Itsas faunaren aberastasuna ezagutzeko irteera egingo dute. 16 urtetik aurrerako pertsonei zuzendua. Prezioa: 48 euro pertsonako.
– 10:00etatik 13:30era, Ibilbide gidatua Urdaibaiko paduretara eta bisita Euskadiko Biodibertsitate Zentrora. Adin guztiei zuzendua. Prezioa: 3 euro pertsonako.
– 15:00etatik 17:00etara, Mundaka eta Muruetako Tejeraren arteko irteera itsasontziz egingo dute, hartara, itsasadarrak Urdaibaiko Biosfera erreserbari eskaintzen dizkion ingurumen onurak ezagutzeko. Prezioa: 22 euro nagusiek, 11 euro 18 urtetik beherakoek eta doan 5 urtetik beherakoek.
– 17:00etatik 19:00etara, Berezi Basora irteera egingo dute. Bertan, Rober Garayren ArteBrutto Naturalis izeneko esperientzia artistikoaz gozatu ahalko da. Pertsona helduei zuzendua. Prezioa: 6 euro.
– 17:30etik 19:00etara, Itsasoa kontsumitzen bisita gidatua. Umeentzako bisita gidatua eta askaria, gizakiak itsas mailaren igoeran duen erantzukizuna ezagutzeko. 3 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendua. Prezioa: 3 euro pertsonako.
Ekainak 8, domeka.
– 10:30etik 12:00etara, hareatza eta padura garbiketa egingo dute, gure kostalde eta itsasoetan bukatzen duten zaborrekiko sentsibilizazioa sortzeko. Adin guztiei zuzendua. Prezioa: doan.
– 12:00etatik 13:30era, Arrain orojalea tailerra. Goizean, hareatza eta paduretan bilduriko zaborrarekin arrain erraldoi «orojalea» sortzeko tailerra. 6 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendua. Prezioa: 2euro pertsonako.
– 16:00etatik 18:30era, Zuk zeuk egin berrerabilpen tailerra. 2 tailer antolatuko dira: bata pertsona nagusientzako eta bestea 3 urtetik aurrerako umeentzako. Prezioa: 2 euro pertsonako.
– 17:00etatik 18:00etara, irteera itsasontziz Urdaibaiko kostaldetik itsasoak jasaten dituen inpaktuak ezagutarazteko. Prezioa: 13 euro nagusiek, 8 euro 12 urtetik beherakoek eta doan 2 urtetik beherakoek.