
Iazko parte hartzaileak
XIII. Euskadiko Fitness Txapelketa jokatuko dute zapatuan, Gernika-Lumoko Lizeo antzokian. Sei kategoriatan banatuta, dozenaka kirolari igoko dira Lizeoko eszenariora. Bizkatik, Gipuzkoatik, Nafarroatik… Euskal Herriko hainbat lekutatik heldutako parte hartzaileak izango dira lehiaketan. Hala, iazko parte hartzaile kopurua gainditzea izango da antolatzaileen helburua. Eduardo Lekunberrik jakitera eman duenez,
54 parte hartzaile izan ziren iaz Lizeo antzokian, inoiz baino gehiago. «
Aurten, txapelketarako astebete falta zela,
30 parte hartzaile genituen Body Line kategorian bakarrik». Altueraren arabera, bi kategoriatan banatuko dituzte.
Fitnessean ere kategoria bi izango dira, eta bakarra Athletic Bodybuilding-ean eta nesken Bikini-an. Txapelketaren antolatzaile Eduardo Lekunberrik dioenez, nesken parte hartzea handitzea da erronkarik handienetakoa. «
Neskek parte parte hartzea lortzea izaten da zailena, eta horri bulkada eman nahiko genioke». Baina, dioenez, ez da erraza izango, besteak beste, gimnasiora joateko ohiturarik ez dutelako: «Informazio faltagatik izan daiteke, edo duten informazioa zuzena ez delako. Egia esateko, telebistak erakusten duenak ere ez du askorik laguntzen». Gainera, txapelketaren formatoa bera, eszenario batean lehiatu behar izatea, ez da egokiena izango neskak kirol honetara erakartzeko. «Dena den, erronka hor dugu, eta fitnessari buruzko informazioa hartzera eta kirol horrek zertan datzan ikustera hurbiltzeko eskatu nahiko genieke».
Askotan, gainera, telebistak ez du kirol horren alderdirik politena eta erakargarriena erakusten, eta horren kexu ere bada Lekunberri: «dopina eta gorputz landuegiak dira komunikabideek erakutsi izan digutenak. Baina gorputz horiek maila oso profesionalean lehiatzen direnek baino ez dituzte lortzen, eta ez dute zerikusirik guk Gernika-Lumoko gimnasioan praktikatzen dugun fitnessarekin».
Komunikabideek erakusten dutena ez da txapelketarekin bilatzen dutena. Antolatzaileek diotenez, fitnessa praktikatzen duten kirolariek egindako lana aitortzeko modua da txapelketa. «Entrenamendua eta dedikazioa dago atzean, eta beste kirol batzuek duten legez, fitnessak ere bere lehiatzeko modua izan behar duela uste dugu».
Sarrerak salgai daude
Zazpi epaile izango dira parte hartzaileen lana baloratzen, eta, horien artean, lehenengo aldiz, neska bat ere izango da; «ikuspuntu ezberdina emango dio txapelketari».
16:30ean hasiko da Euskadiko Fitness Txapelketa, eta sarrerak salgai daude Gernika-Lumoko kiroldegian.
12 euro ordaindu behar dituzte nagusiek, eta 6 umeek. Egunean bertan ere txartelak salgai izango dira Lizeo antzokiaren lehiatilan.