Gaur hasita, Totorikaguenako beharginak langabezian daude. Hainbat atzerapenen ostean, gaur sartu da indarrean kaleratze agindua. Langileek esan dutenez, kalte-ordainik ez duela ordainduko jakinarazi die enpresak. Hala, gaur bertan Gernika-Lumoko Juntetxearen aurrean egin dute protesta, Batzar Nagusiak batzen direla baliatuta.
Bestalde, enpresako jabeen jarrera salatu dute beste behin ere langileek. Horien berbetan, “enpresa beharginon erruz” zarratuko dutela esan dute jabeek. Hala, minduta azaldu dira langileak, enpresa gezurretan ari dela baiteritzote.
Bihar (hilaren 28a) Lanbidera joango dira langile ohiak, 12:00etan. Bertan izena eman eta lana eskatuko dute. Aurrerantzean, baina bide judiziala jarraituko dutela aurreratu dute.