'Euskeraz olgetan’ udalekuak jarriko dituzte martxan uztailean, Busturian
4 eta 14 urte bitartekoei zuzendutako udalekuak dira eta, besteak beste, irteerak, karaokea, antzerkia, eskulanak, kirola eta beste hainbat ekintza egin ohi dituzte. Hain zuzen, uztailean zehar –astelehenetik barikura– egingo dituzte udalekuok; 10:00etatik 13:00etara. Parte hartu gura dutenek ekainaren 6a izango dute izena emoteko azken eguna. Busturiko Kultur Etxean aurkeztu beharko dute ordaindu izanaren ziurtagiria; izan ere, hurrengo kontu korronte zenbakian sartu beharko dute dirua: BBK 2095 0032 89 2032002727.
Busturian erroldatuta dagoen ume bakoitzak 50 euro ordaindu beharko ditu udalekuetan parte hartzeagatik; anai-arreba bi direnek, aldiz, 65 euro ordaindu beharko dituzte, eta hiru izanez gero, ostera, 75 euro. Busturian erroldatuta ez dagoen ume bakoitzak, azkenik, 100 euro ordainduko ditu; bik 130 euro eta hiruk 150 euro.
Begiraleak behar dituzte
Bestalde, Busturiko Udala aipatu kanpainarako begirale bila dabil. Interesa dutenek curriculuma, alegaturiko merituen ziurtagiriak eta kanpainarako proposatzen duten jarduera-programa aurkeztu beharko dituzte; horretarako, baina, ekainaren 6a izango dute azken eguna.
Astialdiko begirale horren lanaldia astean hogei ordukoa izango da; astelehenetik barikura, 09:30etik 13:30era. Hala, kontratuak hilabeteko epea izango du: uztailaren 1etik 31ra.
Deialdi horretan parte hartzeko, hala ere, zenbait baldintza bete beharko ditu interesatuak: Europar Batasuneko herrialde kide batekoa izatea eta 18 urte beteta eta 40 baino gehiago ez izatea, esaterako. Horrez gain, euskara ahoz eta idatziz menperatu beharko du maila altuz eta Astialdiko Begirale Titulua edo antzekoa eduki beharko du. Bestetik, azken hiru hilabeteetan jardunaldi osoko lan-kontratu bat eduki ez izana ere hartuko du kontuan epaimahaiak.
Baldintza horiek betetzen dituenak eskabidea aurkeztu beharko du Busturiko udaletxean bulego-ordutegian. Eskabideak egiten dituzten horien guztien artean, Busturian erroldatutakoek izango dute lehentasuna langilea hautatzerakoan.