
Lanbideko beharginen protesta
Joan den barikuan Bilboko Errekaldiko Lanbideren bulegoan gertatutako erasoa salatu dute gaur Gernika-Lumoko bulegoko langileek. Ordu laurdeneko lanuztea egin dute, 11:00etatik 11:15era, babes handiagoa exijitzeko. Azaldu dutenez, bezero batek gasolina bota zuen Bilboko bulego horretan, eta Lanbidek eta Eusko Jaurlaritzak babesa emateko eskatu dute, arlo guztietan.
Era berean, barikuero egiten duten legez, arriskuan dauden lanpostuen alde protesta ere egin dute gaur, eta administrazioaren aldetik datozkien erasoekin amaitzeko ere eskatu dute Lanbideko beharginek. Azaldu dutenez, Lanpostuen Zerrenda egiten ari dira, eta, prozesu horretan zenbait langile kalean geratzeko arriskua dago. Hori dela eta, negoziatzeko eskatu dute, arriskuan dauden lanpostuen arazoari irtenbide bat emateko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 180 beharginen lanpostuak daude arriskuan.
Lanpostuen alde, barikuro ordu laurdeneko protesta egiten dute, 11:00etatik 11.15era; baita negoziazio mahaia biltzen denean ere.