Bizkaiko Foru Aldundiak 'Erronka Garbia!' egitasmoa aurkeztu du
https://www.youtube.com/watch?v=SO7_i0BcU1s
Erronka Garbia! proiektuaren helburua da aire librean egiten diren ekitaldi handiak antolatzean eta ospatzean ingurumenak jasan ohi dituen erasoak (baliabide naturalen kontsumoa, garraioaren kutsadura eta hondakinen bolumena) murriztea, herritarren artean ingurumenaren aldeko kontzientzia piztuz.
2014ko Ibilaldia Gernika-Lumon ospatuko dute ekainaren 1ean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako babes bereziko gunean. Aurten Erronka Garbia! proiektuko neurriak landuko dituzte lehendabiziko aldiz, erakundeen arteko lankidetza akordio baten ondorioz. Martxoan, Eusko Jaurlaritzak (Ihobe Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoaren bidez), Bizkaiko Foru Aldundiak (Ingurumen Sailaren bidez) eta Euskal Herriko Ikastolak Federazioak (EKE) lankidetza gutun bat sinatu zuten, aire libreko ekitaldietarako ingurumen iraunkortasuneko proiektua garatzeko, hedatzeko eta praktikan jartzeko.
Gaur, boluntarioekin grabatutako bideoklipa ere ezagutaratzi dute. Busturialdean grabatu dute, garraio kolektiboaren erabilera sustatzeko, eta hondakinak berrerabiltzearen, murriztearen eta birziklatzearen garrantzia erakusteko. Besteak beste, Kepa Junkerak, Oihan Vegak eta Eneritz Artetxek parte hartu dute grabaketan. Azken biak, gainera, ekoenbaxadoreak izango dira.
Erronka Garbia proiektuak haur eta gazteengana ere heldu nahi du, beraien portaerak ingurumena errespetatzen duela bermatzeko. Horretarako, “Ingurumen aholkuen” proposamena zabaldu dute egitasmoko bultzatzaileek. Aholku horiek Araba. Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan banatu dituzte, Ikastolen Elkartearen eta Ingurugelaren (Eusko Jaurlaritza) laguntzarekin. “Ingurumen aholku” horien helburua bizi-ohitura iraunkorrak sortzen dituen jokabidea barneratzea da.
Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendari Amaia Barredok, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendari Maria Uribek eman dute proiektua aurkezteko prentsaurrekoa. Ekimenak Euskal Herriko Ikastolen Federazioaren laguntza izan du, eta Seber Altubeko Lehendakari Nagore Iturbe ere egon da aurkezpenean. Prentsaurrean egon dira baita ere; Oihan Vega Euskadi Gazteako hizlaria eta Eneritz Artetxe aktorea; baita Kepa Junkera musikaria ere.
https://www.youtube.com/watch?v=VpcOxlfSNDk