
Bilboko Euskal Museoan daude ikusgai Busturiko lantegiko piezak
Gutxi daude, baina daudenak ondo gordeta daude. XIX. mendean Busturian egon zen San Mames loza lantegian egiten zituzten zeramika piezei buruz ari gara. Bertan ekoiztutako produktu gutxi gordetzen badira ere, ikerlari guztiek nabarmentzen dute lantegi harek izan zuen garrantzia. Lantegia aitzindaria izan zen Euskal Herriko industrializazioaren arloan, batez ere, industria artistikoen eta aplikatuen baitan. Bilboko Euskal Museoan Busturiko lantegian ekoiztutako 200 pieza inguru ikus daitezke.
1842an hasi zen martxan Busturiko San Mames lantegia, Axpe auzoan zegoen eta Gaspar de Bulucua jaunak sortu zuen. Lantegia garaiko joera sozial eta ekonomikoetara egokitu zen. Euskal Museotik adierazi legez, “lantegiaren sortzaileek barrikuntza teknologikoak ezagutzen zituzten, merkatuaren eskaeretara egokitu ziren eta inbertitzeko eta ekoizteko prest zegoen kapitala be bazuten”.
Busturiako lantegia garrantzitsua izan zen sektorean, eta tokiko merkatura eta ingurune geografikora zuzendutako enpresa izan zen.
Hogei urte izan zen zabalik, 1862 zarratu baitzuten, eta hogei urte horietan zenbait izan ziren bertatik pasa ziren arduradunak. Antzadenez, hasieran atzerritarren esku egon zen zuzendaritza, baina lantegiaren azken etapan bertakoek zuzendu zutela aipatzen dute adituek. 1847tik 1849ra frantsesak izan ziren haren ardurapenean, azken hamar urteetan, barriz, Pedro Gonzalez Aguerosek egin zituen zuzendari tekniko lanak. Garai haretan zailtasunak izan zituzten, baina halanda guztiz ere, ekoizpen barriak finkatu eta perfekzionatu zituzten. Euskal Museotik egindako ikerketen arabera, garai horretakoa da, hain zuzen, egun arte gorde den ekoizpenaren zatirik handiena.

Kualifikatu gabeko hainbat langile aritu ziren bertan lanean, herriko hainbat familiak bertan egiten zuten lan. Langileen artean emakumeak ere bazeuden. Bestalde, langile kualifikatuak be izan ziren. Adituek uste dute, beste lantegi batzuetako langileak ibili zirela horretan; ereduei, estiloei eta dekorazioei buruzko barriak jasotzeko. “Horrek azaltzen ditu Busturiko lantegiko eta beste lantegi batzuetako ekoizpenen arteko antzekotasunak”.
Gaur egun, ezin daiteke lantegia zena ikusi, desagertuta baitago, baina “eraikin ederra” omen zen. “Eraikinaz gain, mota desbardinetako labeak ere egongo zirela uste da, loza estanpatuak eta margotuak egin ahal izateko”, diote hori aztertzen ibili direnak. Zenbait dokumentaziotan be aipatzen da Alarbin Goicoa errota erabiltzeko eskubidea zutela, berniza eta harria ehotzeko. Gainera, Muruetako Malluquiza itsas-errota alokatu eta erabili izanaren erreferentziak ere badaude. Beste alde batetik, Kanalan, Kortezubin, Muruetan eta Foruan buztin zuriko hobiak bazeuden garai hartarako, eta ziurrenik loza finak egiteko erabili zituztela aipatzen dute.
Busturiko San Mames loza lantegian egindako 300 pieza inguru ikusi eta katalogatu ahal izan dituztela adierazi dute Euskal Museotik, horietako 200 inguru Bilbon bertan ikus daitezke. Batzuek museoa sortu zenetik daudela diote, beste batzuek, ordea, gutxi-gutxika erosten joan direla diote. 2007. urtean erosi zituzten azken pieza batzuk, “bilduma pribatua zen”. BBVA banketxearenak diren Busturian egindako hamabost pieza ere ikusgai daude Bilboko euskal museoan.
Batez ere, baxerako piezak
Busturiako lantegian, batez ere, baxerako piezak eta bainugeleterako eta apainmahaietarako zerbitzuak egiten zituzten. Baxerako piezak dira gehien bat gordetzen direnak. Forma aldetik, jatorri ingelesezko ereduak kopiatzen zituzten, “gustuen eta moden araberakoak”.

Nabarmantzekoak dira baina, te eta kafe-jokoetarako erabiltzen zituzten piezen forma; oktogonala baitzen. Horrelako formarik ez zuten erabiltzen gainontzeko enpresetan, eta pieza gutxi gordetzen dira.
Badago beste pieza talde bat XIX. mendeko Espainiako eta Busturiako lantegi loza-ekoizpenaren ezaugarri eta forma orokorretatik aldentzen dena, eredu frantsesean oinarritzen dira: platera, zopa-ontzi, azpil eta kafe zerbitzuek osatzen dute, ez dira hamabira iristen, eta estanpatutako eta margotutako eszenak dekoratzen dekoratzen dituzte piezak.
Horiekin batera, lantegiaren ekoizpenarekin zerikusirik ez duten ezaugarriak dituzten beste hiru plater eredu ere badaude.
Dekorazio mota desberdinak
Apaindu gabeko loza zuriko piezak egiten zituzten, gutxi daude gordeta, baina diotenez, horrek ez du esan gura gutxi egin zirenik. Busturiko lantegian, beste alde batetik, beste leku batzuetan ekoizten zuten ereduari jarraituta, urre koloreko geometria eta girlandekin konbinatzen zituzten platerak Busturiako lantegian egiten ziren, eta egunera arte gorde diren pieza moten ereduekin bat ez datozen zenbait pieza daude baita ere, tradizionalki Busturian egindakoak direla esan omen da, baina “zalantza handia” dagoela aipatzen dute: “lore txikiekin apaindutako piezak dira”.
Hala eta guztiz ere, estanpazioarekin dekoratutakoak gorde dira gehienbat, eta, beharbada, horrelakoak izan ziren ekoiztutako gehienak. Bi dekoratu aipatzen dituzte. Muleros eszena eta basoko lore txiki urdinekin osatutako alfonbra.

Muleros dekoratua zen prototipikoa. Irudizko paisaia erromantiko bat ageri da horietan. Batez ere, baltzez estanpatzen zuten, eta baxerako eta apainmahaietako piezetan erabiltzen zuten gehien bat. Aztertu dituzten ekoizpenaren %55 serio horretako dekoratuak dituztela jakinarazi dute.
Bigarren estanpazioa, lore-motiboekin dekoratutakoa da. Gehien erabili zutena, lore txiki basatiekin osatutako alfonbra da, beti urdin-kobalto kolorekoa izaten zen eta askotan difuminatuaren teknika aplikatzen zioten “efektu piktoriko interesgarria emateko”.
Baina, loreekin osatutako beste hiru estanpazio mota ere bazeuden: txilintxak, peoniak eta daliak.
Ertzak ere apaintzen zituzten, eta orain arte bederatzi desberdin aurkitu dituzte. Horietako batek ezaugarritzen du lantegia, piezen %80an agertzen baita, normalean Muleros dekoratuarekin batera joaten zela aipatzen dute, mahatsondo-hosto eta mahats-lukuekin osatutako ertz-apaindura da, hain zuzen.
Busturiako San Mames lantegiko ekoizpenetik aztertu duten piezen artean, laurdenak bakarrik du piezaren jatorria ziurtatzen duen zigilu edo markaren bat. Hain zuzen ere, sei zigilu mota dokumentatu dituztela jakinarazi dute.