
Erronka txapelketa iazko Kilometroak egunean
Bizkaiko ikastolek, eta, batez ere ikasleek, protagonismoa hartzeko modua izango dute Ibilaldian, aurten lehenengoz, egingo duten Erronkaren bidez. Bizkaiko ikastoletako DBHko ikasleek parte hartu ahal izango dute, eta oraingoz bost taldek eman dute izena. Hala ere, gutxienez bederatzi talde batu gura dituzte Erronka antolatzeaz arduratzen direnek; gehienez, hamabi. Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetatik, oraingoz, Bermeoko Eleizalde ikastolak eta Gernika-Lumoko Seber Altube ikastolak talde bana aurkeztu dute. Gura duenak izena emateko aukera du oraindik.
Zortzi ikaslek osatu behar dute talde bakoitza: lau neskak eta lau mutilek. Gainditu beharreko probak biziak eta zirraragarriak izango dira. Batetik, ikasleen abilezia, indarra eta abiadura neurtuko dituzte proba horiek. Bestetik, buruargitasuna, jakintza orokorra eta euskaltzaletasuna ere frogan jarriko dituzte Erronkaren proba horiek.
Izan ere, helburu argia du Erronka ekimenak: ikasleari asko emango eta ematen dio, baina ikasleek ikastolen jaiari ere emango diote, Ibilaldiaren egitarauko ikuskizunik bereziena izateraino. Ondo pasatuz, ondo pasaraziko dute.
Lau talde finalean
09:30ean batuko dira taldeak, Gernika-Lumoko auditorioan; eta Pasealekuan egingo dute lehenengo proba. Hain zuzen, herri kirolen ginkana izango da Pasealekuan gainditu beharko dutena. Hala, proba amaitzeko behar izan duten denboraren arabera, gune batera edo bestera joan beharko dute taldeek. Hala, Lurgorri gunera joango dira batzuk, ikastolara beste batzuk, eta gainontzekoak Urdaibai gunera.
Gune bakoitzeko irabazleak finalerako sailkatuko dira, zuzenean. Gainontzeko taldeek euren arteko lehia jokatu beharko dute finalera helduko den laugarrena izateko. Gernika-Lumoko insititutuan jokatuko da finala, 13:00ak aldera. Hain zuzen, 15:00etarako erronken jokoa amaituta egotea da antolatzaileen asmoa.
Sariak eta opariak
Gazteei aukera desberdinak ematea da Erronkaren helburua, Bizkaiko ikastolei presentzia eta Ibilaldiko guneei bizitasuna emateagaz batera. Irabazleek, gainera, sari ederrak eskuratzeko aukera izango dute. Halaber, parte hartzaileen artean ere hainbat opari zotz egingo dituzte. Informazio gehiago nahi duenak
www.erronka.net atarira jo dezake.