Bi aste inguru falta dira Gernika-Lumok Ibilaldi eguna har dezan, eta Ibilaldia Elkarteko kideek jai eguna girotzeko azken ekitaldiak egingo dituzte asteburu honetan. Oraingoan, musika elektroniko kontzertua eta zesta punta jaialdia antolatu ditu elkarteak.
Barikuan, esaterako, Fiakun musika elektroniko taldeak Ibilguneko tabernan joko du. Besteak beste, bildutakoek El_Txef_a Dj-aren musika entzuteko aukera izango dute. 21:00etan emango diote hasiera musika emanaldiari.
Zapatuan, bestalde, zesta-punta jaialdia hartuko du Jai Alai pilotalekuak. Puntista gazteenek kiniela amerikar erara jokatuko dute. Horien ostean, bestalde, nagusien partidak ikusteko aukera izango dute zaleek. Lehenengo partidan Martijak eta Urtubik Ander eta Xabat izango dituzte aurkari. Bigarren partidan, bestalde, Rokek eta Lekek Bidabururen eta Ekaitzen kontra neurtuko dituzte indarrak.
Zesta punta jaialdia 17:30ean hasiko da. Sarrerak bost euro balio du.