Bermeoko Lanbide Hastapena eta Sustapena Ikastegiko matrikula epea ireki dute
DBHko graduatua lortu ez duten 15 eta 17 urte bitarteko gazteek 2014/2015 ikasturterako izena emateko aukera dute dagoeneko Oinarrizko Lanbide Heziketako programetan. Uztailaren 15era arte izango dute horretarako aukera eta ikastegian bertan eman beharko da izena, goizeko ordutegian.
Hain zuzen, datorren ikasturtera begira hiru prestakuntza eskainiko dituzte Lanbide Hastapena eta Sustapena Ikastegian: sukaldeko eta zerbitzuetako langilea izateko, ibilgailuak konpontzeko langilea izateko eta metal-eraikuntzetako arotzeriako eta muntaiako langilea izateko. Betiere, “heziketa arautua” emango du Bermeoko Udalaren Ikastegiak; “balio akademiko eta profesionala duena, estatu osorako baliokoa eta urte biko iraupena duena”.
Hartara, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua lortzen dutenek erdi mailako zikloetarako ateak zabalduko dituztela gogorarazi du Bermeoko Udalak. Informazio gehiago nahi duenak 94 617 91 75 telefonora deitu ahalko du.