Gautegiz Arteagako Udalak umeei eta gazteei zuzendutako udako ekintzak antolatuko ditu aurten ere, eta barikuan (hilaren 23a) informazio batzar bat egingo dute arteagarrek. Hain justu, Aretxederreta Kultur Etxean, 19:00etan. Iaz bezala, euskara eta ingelesa uztartuko dituzte parte hartzaileek. Bertoko begirale batek eta atzerriko boluntarioek antolatuko dituzte umeei zuzendutako ekintzak.
Jakinarazi dutenez talde bi egingo dituzte. Batetik, 4 eta 8 urte bitarteko umeena, eta, bestetik, 9 eta 15 urte bitarteko gazteena. Udako ekintzetan Kortezubiko eta Ereñoko umeek ere parte hartuko dute. Hala, ondoko herrietako gazteak ezagutzeko aukera izango dute izena ematen dutenek.