Argentinako epaile Maria Servinik deklarazioa hartu die Kaltzada neba-arreba busturiarrei
https://www.youtube.com/watch?v=px8EXdGXVNc
Miren Fatima Malaxetxebarria Busturiko alkatea eta Kaltzada neba-arreben zenbait herrikide ere epaitegiaren kanpoaldean daude. Malaxetxeberria pozarren azaldu da, “77 urte pasa ostean frankismoko zenbait biktimaren historia entzungo baitu norbaitek”. Gertakizun guzti horiek inoiz ere ez dituztela jendarteratu esan du alkateak, eta Servinik hasitako bidea oso aberasgarria izango dela gehitu du.
Bestalde, gaia Argentinako epaile batek ikertu behar izatea salatu du alkateak. Haren berbetan, Injustizia bat da frankismoko krimenak atzerriko norbaitek ikertzea. Hala ere, egia guztia ezagutarazteko modu bakarra dela deritzo.
Frankismoko krimenen kontrako kereilan parte dira Kaltzada anai arrebak. 1937ko abuztuaren 7an, haren aita eta beste bost lagun fusilatu zituzten. Busturian urtero egiten diete omenaldia fusilatuei, baina gertakizunak hedapen nahikorik ez du izan orain arte. Hala, Serviniren ikerketak egoera irauli dezakela dio.
Epaitegiaren kanpoaldean Josu Ibargutxi Frankismoaren Krimenen Kontrako Euskal Plataformako kidea ere izan da. Ibargutxik Serviniren ikerketa lana goraipatu du berriro ere, memoria historikoarentzat aurrerapauso bat dela iritzita. Azaldu duenez, dagoeneko 50 lagun ingururi hartu die deklarazioa Servinik. Datozen egunotan, gainera, Espainiako zenbait biktimagaz batzeko asmoa dauka epaileak. Hala, kopuru hori hasi egingo da.
Servini epaileak eztabaida politikoa piztu du bai Euskal Herrian, eta baita Espainian ere, Antonio Gonzalez Pachecoren eta Jesus Muñecasen estradizioa eskatzean. Espainiako Auzitegi Nazionalak ezetza eman zion estradizio eskaerari, bi horiek Frankismo garaian egindako delituek preskribatu egin dutela argudiatuta.
Serviniren adierazpenak
Busturiarrei deklarazioa hartu ostean, Servini Gernika-Lumoko udal ordezkariekin batu da, udaletxean bertan. Hara joan aurretik, baina, zenbait azalpen eman dizkie komunikabideei. Jakinarazi duenez, “gaurko deklarazioak oso garrantzitsuak izan dira, fusilatutako gizon baten seme-alabei deklarazioa hartzeko aukera izan baitu”. Kaltzadatarrek azaldu dutenez, “epaileak berak ez du galderarik egin; kontatzeko geneukana entzun du adi-adi”.
Servinik ez du azalpen gehiago eman nahi izan, sumarioa sekretupean baitago. Entzundakoaren berri emanez gero, arazoak izan ditzakela deritzo. Egunotan hainbat lagun elkarrizketatu ditu epaileak. “Gogorra izan arren, bidaia oso aberasgarria izan dela esan du”.