
Bizkaiko Kopako finalerako sailkatu dira Urdaibaiko esku baloi taldeko neskak. Askartzari etxean 32-23 irabazita lortu dute finalean sartzea. Beraz, bi aste barru jokatuko dute finala Muskizko taldearen aurka, Barakaldoko Lasesarre kiroldegian.
Finalaurrekoan aurkari “gogorra” izan dutela esan du Iker Remero entrenatzaileak.Hala ere, lehen zatian sei puntuko aldea eskuratu zuten, eta bigarren partean “erraz” nagusitu ziren: “badirudi aurkariek partidua galdutzat eman dutela bigarren zatian, eta horrek garaipena erraztu digu”.
Joaneko partidan puntu bateko aldea atera zieten Askartzakoek, baina, itzulikoan erakustaldia eman dute urdaibaikoek.
Entrenatzailearen berbetan, egindako lanarekin “gustura”, eta “oso pozik” daude, helburua finalera heltzea zelako. “Denboraldi oso ona egin dugu”, zehaztu du. Finala jokatu ostean, eta hurrengo denboraldia prestatzeari ekin bitartean, merezitako atsedena hartuko dute jokalariek.
Gazteek joaneko partida galdu dute
Urdaibaiko esku baloiko gazteek, ostera, asteburu honetan dute finalerako txartela eskuratzeko aukera. Hain zuzen ere, zapatu goizean Mundakako Isla Kale kiroldegian izango da finalaurreko itzulerako partidua. Joanekoan. Urdaibaiko neskek 34-26 galdu zuten Kukullagakoen kontra, eta oraingoan emaitzari buelta eman beharko diote finalean sartzeko.