Arrainaren kontsumoa bultzatzeaz gain, Bermeo itsas eta arrantza kulturaren zein kontserba enpresen erakusleiho paregabea bihurtu da asteburuan. Hala adierazi du Bermeoko Arrain Azoka Elkarteko lehendakari Idurre Bideguren alkateak. XX. Arrain Azokak helburuak bete dituela aipatu du, herrian giro izugarria sortzeaz gain: «Bermeo arrainaren eta arrantzaren herri erreferentea dela erakutsi du Arrain Azokak», nabarmendu du. Hala, arrantzaren eta itsasoaren mundua zabaltzeaz gain, sasoiko produktuen kontsumoaren garrantzia azpimarratu eta Bermeoko kontserba industria Euskal Herriko garrantzitsuena dela erakutsi du, Bidegurenen iritziz.
Behin-behineko balorazioa egin du udalak, eta, orokorrean, salmenta aurreikuspenak bete egin direla esan du Bidegurenek. Aurten, gainera, arrainaren kontsumoa bultzatzeko hainbat berritasun ekarri ditu Arrain Azokak, eta horiek izan duten harrera oso ona izan dela esan du. «Parte hartzea handia izan da; eta, esate baterako, aurten nobedadea izan den itsas mundua ezagutzeko aukera ematen duen Master itsasontzia jendez gainezka izan da asteburuan».
Sukaldaritza zuzenean tailerrak izan dira 2014ko Arrain Azokaren beste berritasunetako bat eta, horiek ere, arrakastatsuak izan direla aipatu du Idurre Bidegurenek. Umeentzako zentzumen tailerretan ere parte hartzea oso handia izan dela jakinarazi dute.
Itsas giroan harrapatuta
Ekimen guzti horien bitartez, Bermeoko herriak arrantzarekin eta itsas kulturarekin duen lotura erakutsi gura izan dute. Gainera, aipatu du, Arrain Azokan sortu den giroa «polita eta arrantzalea» izan dela, eta bisitariak itsas giroarekin harrapatuta gelditu direla.
Salicako langileen protesta
Kontserba enpresetako langileen borroka kalera ateratzeko ere baaliaatu izan dute Bermeoko Arrain Azoka. Hala, Salicako langileek lanuztea egin zuten barikuan, eta Lamerara eraman zuten euren aldarrikapena. Bizkaiko hitzarmenaren defentsan, produkzioaren %90a geratu zuten Salicakoek. Azaldu dutenez, estatu mailako hitzarmena aplikatu die enpresak zenbait langileri. Hala, langileen egoera prekarioa salatu zuten jendetzaren aurrean. Diotenez, lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira, eta beraien eskubideen alde borrokan jarraitzeko asmoa agertu dute enpresako langileek.
Salicakoekin batera, Gernika-Lumoko Totorikaguena enpresako langileak ere protesta egin zuten Bermeon, barikua, bizi duten egoera salatzeko. Enpresa horren hilaren 27an kalean utziko ditu langile guztiak.