
Oscar Astarloa
Oscar Astarloa izango da Bizkaia Gernika Rugby taldearen entrenatzaile berria. Taldeko arduradunak hurrengo denboraldia prestatzen hasiak dira, eta horri begira, erabakietako bat Astarloari nagusien taldea entrenatzeko ardura ematea izan da. Harekin batera Kemen Goitiandia eta Eduardo Lekunberri ariko dira, bigarren entrenatzaile moduan eta prestatzaile fisiko legez, hurrenez hurren.
Datorren denboraldiari begira, amaitu berri den denboraldian hasitako bidetik jarraitzeko nahia dutela azaldu du Joseba Olaeta buru duen kirol zuzendaritzak. “Gure taldea Ohorezko Mailan sendotzen jarraitzea eta gero eta harrobiko jokalari gehiago erabiltzea da asmoa. Hori dela eta, hurrengo denboraldian aurtengo blokeari eustea erabaki dugu”, azaldu dute. Modu horretara, taldeko jokalari garrantzitsuenek datorren urtean ere jarraituko dute.
Esperientzia zabala
Curriculum zabala du Oscar Astarloak. 1993. urtetik dabil gorengo mailako partidak jokatzen. Urten hartan Getxorekin egin zuen debuta, eta ondoren Frantziako estatuko ligan jokatu zuen; hain zuzen, San Juan de Luz eta Aviron Bayonnais taldeetan. Baionako taldearekin, gainera, bi denboralditan Frantziako errugbiko kategoria gorenean jokatzeko aukera eduki zuen.
Ipar Euskal Herriko esperientziaren ostean, Ordizian, Bera-Beran eta Bizkaia Gernika Rugby taldeetan jokatzeko aukera izan du, Ohorezko Mailan. Azken denboraldia basurdeekin egin duela eta, ondo baino hobeto ezagutzen du Gernika-Lumoko taldea.
Esperientzia berria izango da taldearen gidaritza eramatea, baina nolabaiteko eskarmentua badu zeregin horretan. Izan ere, azaldu duenez, Jorge Gimenez ordezkatzeko aukera izan zuen, hura ospitalean zegoenean.
Gaineratu duenez, datorren denboraldiari “fitxaketa gehiegi egin gabe eta etxeko jokalariekin” egin gura diote aurre. “Gure asmoa mailari eustea da, eta horretarako behar ditugun puntuak hainbat arinen lortu ostean, denboraldia lasai bukatu”.