
Pedro Durana
Ikasturteari amaiera ezin hobea emango dio Gernika-Lumoko Zine-Klubak, elkartetik bertatik sortutako Seiekiporen azken ekoizpena proiektatuko baitu barikuan, hilaren 16an:
Mi noche con Mario. Pedro Duranak zuzendutako lana da
Mi noche con Mario, baina beste izen ezagunik ere badauka filmaren fitxak.
Sol Maguna, Bruno Mercanti, Rodolfo Couret eta Iñaki Etxaniz dira aktoreak, eta gidoia Pedro Duranarena eta Rodolfo Couretena da. Argazkia eta argiztapena Xabi Cresporen eta Ricardo Undaren ardurapean dago, eta soinua Dani Asuaren eta Joseba Gabrielen ardurapean.
Ikuslea engantxatu nahi du zuzendari gernikarrak, alde komikoa eta dramatismoa uztartuz. Pelikulak kontatzen duenaren hausnarketa, berriz, ikuslearen esku uzten du.
Emaitzarekin oso pozik da gernikarra, baita aktoreek egin duten lanarekin ere. Hala, Magunaren eta Mercantiren lana ahaztu barik, Iñaki Etxaniz gernikarraren aportazio laburra eta Rodolfo Couret kubatarraren profesionaltasuna ere aipatu ditu. Couretek, gainera, gidoilari lanetan lagundu dio.
Dagoeneko pantaila handian ikusi du Duranak bere azken pelikula –zortzigarrena–, eta kalitate handiko lana dela esan du. Hala, Xabi Cresporen, Dani Asuaren eta produkzioan lan egin dutenen esfortzua eskertu du, bai eta emaitzaren bikaintasuna aipatu ere.
Sinopsia: Printzesa prostituta heldu bat da, eta mutil gazte batek haren zerbitzua nahi du, “beste gau bat gehiago”. Baina Mariorekin egingo duen gau horrek bizitza aldatuko dio.