
Gernika-Lumoko Mendi Jaia, artxiboko irudian
Domekan II. Mendi Jaiagaz daukate hitzordua gernikarrek nahiz inguruko herrietako bizilagunek. Arrolape mendi taldeak jakinarazi duenez, aurtengo Mendi Jaiak berritasunak dakartza, Ibilaldiaren egitarau kulturalaren barruan antolatu baitute proba. Alabaina, hori ez da izango nobedade bakarra, argazki lehiaketa bategaz lagunduta baitator aurtengo hitzordua.
Edozeinek parte har dezake lehiaketan, afizionatua nahiz profesionala izan. Parte hartzaile bakoitzak bost argazki aurkeztu ahal izango ditu, jpg formatuan. Hori bai, mendi martxa luzean, mendi martxa laburrean, mendi lasterketan edo BTT martxan ateratako argazkiak izan beharko dira halabeharrez. Hiru argazki onenek jasoko dute saria; hain zuzen, bertoko produktuez osatutako “otzara zoragarri” bana.
Hilaren 31ra arteko epea egongo da argazkiak
arrolapemt.argazkiak@gmail.com helbidera bidaltzeko. Mezuan egilearen izen-abizenak, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira.