
Aurreko astean Elgoibarren aurka urrezko hiru puntu lortu ostean, domekan nagusien Bermeoko taldea gogor jokatzera aterako da Itxasganeko zelai gainera. Denboraldiko azken partida horrek euskal ligako hirugarren mailari eusteko berebiziko garrantzia edukiko du.
Portugaleteren aurka hil ala biziko partida jokatuko dute bermeotarrek. Horretarako, jarraitzaileen babes handiena lortzeko nahian, klubaren lehendakaritzak Bermeoko jarraitzaileentzako sarrera doan izatea erabaki du. Hala ere, etziko partida irabaziz gero ere, maila honetan jarraitzea ez da batere lan erraza izango Gartzenen taldearentzako. “Maila honetan geratzeko aukera bakarra dugu. Hau da, Portugaleteren aurka irabazi egin beharko genuke, eta Oiartzunek edo Amurriok galtzea edo berdintzea beharko genuke, gutxienez”, azaldu dute Bermeoko taldetik.