
Iazko Eskola Txikien Jaia, Gautegiz Arteagan
Busturialdeko herri ikastetxeek Eskola Txikien Jaia ospatuko dute, bihar. Aurten, Muxikako Urretxindorra eskolak hartuko du jaialdia. Urtero legez, Gautegiz Arteagako Montorre eskolako, Busturiko Jose Maria Uzelai ikastetxeko, Natxituko (EA) Haizeder eskolako eta Mundakako ikastetxeko ikasleek parte hartuko dute jaialdian, Muxikako ikasleekin batera. Ikastetxe desberdinetako gazteak harremantzea, eta herri eskolen aldeko oihartzuna Busturialeko biztanleen artean zabaltzea dira antolatzaileen helburuak.
10:00etatik aurrera hedatuko da jai giroa Urretxindorra eskolara. Ordu horretan, Muxikako ikasleek harrera egingo diete gainontzeko gazteei. Busturialdeko neska-mutilak bertsoak eta Arrano arrantzalearen abestia kantatuz emango diete ongietorria.
Harreraren ostean, bestalde, musika entseguak egingo dituzte gazteek, 11:00etan taula gainera igo aurretik. Izan ere, azken asteetan eskoletan prestatu dituzten abestiak kantatuko dituzte ikastetxe desberdinetako kideek. Guztira, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 400 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute musika saioetan.
Goizeko egitarauagaz amaitzeko, Urretxindorran batutako umeek jolas eta tailer desberdinetan ederto pasatzeko aukera izango dute. 13:00etan, bestalde, lagunarteko bazkaria egingo dute ikasleek eta irakasleek
Ohi bezala, Eskola Txikien Jai datorren urteko testigua pasatuz amaituko da, 15:00ak aldera. 2015ean, Mundakako ikastetxeak hartuko du eskualdeko herri ikastetxeen jaialdia.