
Iaz, Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako Egunean
Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako Egunagaz bat eginda, domekarako egitarau berezia prestatu du Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek. Hain zuzen, domeka goizean izango dira hegaztien inguruan gehiago ikastea ahalbidetuko duten jarduerak.
10:00etan, esaterako eraztunketa zientifiko saio bat bertatik bertara ikusi ahal izango dute Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen zentrora doazenek. Hegaztiak nola eraztuntzen dituzten ikusi ahal izango dute zuzenean, eta lan horrek zertarako balio duen ezagutu ahalko dute.
Doako bisita gidatuak ere eskainiko ditu Urdaibai Bird Centerrek. Lehenengoa 11:00etan izango da, euskaraz, eta 12:30ean izango da gaztelerazkoa. Hori bai, aldez aurretik erreserba egin behar dela jakinarazi du Gautegiz Arteagako zentroak.
Gainera, domekan zehar doakoa izango da zentrora bisita, eta behatokietan hegazti migratzaileei buruzko aholkularitza emango dute. Gaztetxoenei zuzenduta, bestalde, umeentzako txokoa egongo da, gogokoen duten hegaztia marraztu dezaten.
Udaberriko ordutegia
Beste alde batetik, udaberrira begira bisita ordutegia luzatu du Urdaibai Bird Centerrek. Hala, ekainaren 30era arte asteburu eta jaiegunetan zentroa 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta, gainera, martitzenetik barikura goizez irekitzen jarraituko du; hain zuzen, 10:00etatik 14:00etara. Ondoren, uztaileko eta abuztuko egunetan 10:00etatik 20:00etara zabalduko dute.
Orain arteko bideari eutsi, eta euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez bisita autogidatuak eskaintzen jarraituko du zentroak, “Urdaibaiko naturari eta aurrera eramaten ditugun proiektuei buruzko azalpenen bitartez, zentroa modu autonomoan bisitatzea ahalbidetzen” baitu audiogidak.
Aipaturakoaren nahiz tarifen inguruko informazio gehiagorako
www.birdcenter.org webgunea bisita daiteke, eta erreserbak egiteko, bestetik, 699-839 202 telefono zenbakira deitu behar da.