
Ibilaldia Elkarteak iazko abenduan antolatutako bertso afaria. Arkaitz Estiballes eta Maialen Lujanbio izan ziren orduko hartan bertsotan
Asko eta askotarikoak izan dira 2014ko Ibilaldirako giroa berotzeko antolatutako ekitaldiak. Oraingoan, bertsotrama bat antolatu du Ibilaldia Elkarteak. Hilaren 16an izango da bertsozaleei zuzendutako hitzordua, 20:00etan, Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan.
Josu Goikoetxearen gidaritzapean eta Haimar Arejitaren gitarraren doinuekin bat aritu beharko dute bertsolariek. Hain justu, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga izango dira Elai-Alaiko taula gainean, bertso musikatuez giroa alaitzen.
Sarrerak salgai daude dagoeneko. Ibilguneko dendan, Auzokoa tabernan, Kultur Etxean, Seber Altube Ikastolan eta Aterpe tabernan eros daitezke, 8 euroren truke. Hilaren 15a izango da sarrerak erosteko azken eguna.