
Ekaitz Oar-Arteta eta Roke Alberdi
Barikuan jokatu zuten seigarren kiniela eta azkena, eta Roke Alberdi gernikarrak irabazi du aurten Barikuetan Jai Alai Txapelketa. Azkenaurreko kinielatik berdinduta zeuden Xabier Barandika, Urko Lekerika eta Roke Alberdi bera; horrek, emozioa eman zion azken neurketari.
Azkenean, Alberdi izan da txapeldun: bi kiniela irabazi ditu txapelketan, eta berak lortu ditu bigarren postu gehien. Sailkapen orokorrean, bigarren eta hirugarren izan dira Lekerika eta Xabier Barandika gernikarrak, hurrenez hurren. “Lekerikak bi kiniela eta hirugarren postu gehien lortu ditu, eta Barandikak bi kiniela irabazi ditu”, azaldu dute antolatzaileek.
Antolatzaileak, gustura
Kadeteen kasuan, aldiz, Urkok irabazi du aurten txapelketa, jokatu dituzten sei kinieletatik hiru irabazi ostean. Peiok egin du bigarren; bi kiniela irabazi ditu, eta beste hainbatetan bigarren egin du. Hirugarren postua Iker Guerrerorentzat izan da, bi kiniela irabazita.
Urkok eta Guerrerok 20 punturekin irabazi zuten barikuan jokatu zuten azken kiniela. Atzetik sailkatu ziren Unda eta Gorka, 11 punturekin, eta hirugarren egin zuten, Unaik eta Libanok, 10 punturekin.
Jai-Alaiko barikuetako kinielen antolatzaileak oso pozik agertu dira aurten izan duten partehartzearekin. “Balorazio oso ona egin genezake. Jende kopuru polita batu da barikuro, lehen partidutik azkenera. Baina, batez ere, finalak batu ditu ikusle asko Jai Alai frontoian, eta giro oso polita sortu zen barikuan frontoian”, gaineratu dute.
Aurten kinielak denboran laburragoak izan dira; horregatik, “askoz hobeto” joan direla nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek.