
Pasealekuko parte hartze prozesua amaierara heltzen ari da. Hain zuzen, asteburuan egitasmoaren azken fasea hartuko du jubilatuen egoitzak. Zapatuan, esaterako, hamabost urtetik gorako gernikarrek Pasealekuko kanpoaldea izango dute hizpide. Domekan, bestalde, gazteenen txanda izango da. Pasileku lantaldeko kideen ustez, horien iritzia jasotzea ere ezinbestekoa da proiektua ikuspegi integral batetik aztertu ahal izateko.
Zapatuko plazarako proposamenen tailerra 11:00etan hasiko da. Lehen fasean kanpoalderako zenbait irizpide zehaztu bazituzten ere, bildutakoek ez zuten plazari buruzko hausnarketa sakonik egin. Hala, egoera horri irtenbidea eman nahi diote egitasmoaren sustatzaileek.
Domekan, bestalde, sei eta hamabost urte bitarteko gazteei zuzendutako tailer berezia antolatu dute, 12:00etarako. “Umeek asko erabiltzen dute Pasealekuko plaza, eta horien iritzia jasotzea ere oso garrantzitsua da”. Hala, Urtxintxa aisialdi taldearen laguntzagaz, tailer berezi bat prestatu dute. “Gazteenen iritziak, asmoak, ideiak eta nahiak jaso nahi ditugu”.
Biharko paperezko edizioan, albiste osatua kaleratuko du HITZAk. Orain arte egindako lanari buruzko balorazio, eta etorkizuneko erronkak izan dituzte berbagai Pasileku lantaldeko kideek.