Mundakako Udalak 2.272.90 euroko aurrekontua izango du aurten, 2013koagaz alderatuta, “nabarmen baxuagoa”. 2.205.933euroko aurrekontua onartu zuen iaz Mundakak; dena den, diru kopurua gehituz joan zen urtean zehar kudeatutako diru-laguntzei esker. Hala, udalaren 2013ko azken aurrekontua 2.986.710,79eurokoa izan zen. Aurrekontu baxuagoagaz, beraz, lehentasunak finkatuta lan egingo duela azaldu du udalak; hartara, baliabideak optimizatzeko, gastuak kontrolatzeko, zerbitzuak mantentzeko eta mundakarren bizi kalitatea bermatzeko.

Ekintza soziokulturalei, kirolei zein jaiei dagokienean ere nabariko da murrizketa
“Aurrezteko beharrizana” du Mundakako Udalak eta horrek eragin nabaria du 2014ko aurrekontuko partida guztietan: ondasun arrunten eta zerbitzuen gastuen kapituluak, esaterako, murrizketarik nabarmenena jasango du aurten; iazko aurrekontuagaz alderatuta, %41,48koa, hain zuzen ere. Dena den, murrizketa horrek ez duela hiri-altzarien mantenimenduko gastuetan eragingo jakinarazi du udalak.
Beste hainbat partidetan ere somatuko du herriak diru kopuru murrizketa; hala nola, ekintza sozio kulturalei, kirolekoei zein jaiei dagokien partidetan.
Inbertsioen partidan, 72.100 euro
Inbertsioen partida 72.100 eurokoa izango bada ere, udalaren “jarrera proaktiboaren” bitartez, partida handitzea espero dute; hain zuzen, proiektuen garapenei eta diru laguntzen kudeaketari esker. Hala, 2014an, honako inbertsioak egitea aurreikusten du udalak: energetikoki eraginkorragoak diren argi instalazio berriak ezartzea, hiri kalitatea eta zerbitzua hobetzeaz gain, argi kontsumoa murrizteko; zenbait altzari erostea (ludoteka eta liburutegirako apalak, hiri-hondakinen aukerako bilketa hobetzeko euskarriak, Tribisarrospe kultur etxera sartzeko kudeaketa sistema, aisialdirako eta kirola egiteko hiri-altzariak, segurtasuna bermatzeko burdin sareak…); kiroldegiko sarbidea kontrolatzeko software bat erostea eta espedienteen digitalizaziorako artxibo sistema propioa ezartzeko fase berri bat aurrera eramatea, besteak beste.
Igoera izan duren kapitulua, bestalde, finantza gastuena izan da; hain zuzen ere, %9,3 igoera izan du; “Beharrezkoa izan da 2008an Mundakan gertatutako istripuagatik ordaindu behar den 1,2 milioi eurotako kalte-ordainari aurre egiteko”, azaldu du udalak.