Hogeigarren urtez, Arrain Azoka hartuko du Bermeok maiatzarenhirugarren asteburuan. Arrainaren kontsumoa bultzatzea helburu duen azoka sukaldeetara gerturatuko da maiatzaren 16tik 18ra bitartean; hala, hainbat izango dira aurten ekarriko dituen berritasunak: horien artean, esaterako, arraina modu erakargarrian nola prestatu daitekeen erakusteko tailerrak, zentzumen-tailerrak edota arrain-dastatze tailerrak.

Arrain Azokaren aurkezpenean, Irune Ormaetxea, Patxi Baños, Idurre Bideguren, Koldo Arrese eta Ainhize Legarretaetxebarria.
Arraina sukaldean: gozoa, erraza eta merkea izenburupean ospatuko dute aurten bermeotarrek Arrain Azoka. Izan ere, Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek azladu legez, «egun arraina ekonomikoki oso prezio onean dago; erraza da prestatzeko eta oso gozoa da, modu askotara presta daiteke eta». Horrez gain, osasuntsua ere badela nabarmendu du alkateak, eta «gure kostaldeko arrantzaleen onurarakoa» dela.
Tailerrak egunero
Hala, arraina gozoa, erraza eta merkea dela erakusteko hainbat tailer egingo dituzte aurten Bermeon. Azokako hiru eguneta 12:00etatik 20:00etara, esaterako, sukaldaritza zuzenean tailerra egingo dute Bermeoko Lanbide Hastapenak antolatuta, Gune didaktikoan. Barikuan egunerokotasunera begira arraina zelan prestatzen den ezagutu ahalko dute bertaratzen diren familiek; zapatuan, aldiz, lagun artean nola egin daitekeen ikusi ahalko dute, eta, domekan, azkenik, umeei zuzendutako errezeta erraz eta erakargarriak nola pretstau ikasteko aukera izango dute herritarrek.
Gune berean, barikuan eta zapatuan, umeei arrainen ezaugarriak erakusteko zentzumen-tailerrak egingo ditu Mercabilbaok 12:00etatik 14:00etara. Domekan, ostera, marmitakoa arrantzaleen erara prestatzen erakutsiko dute eta dastatzeko aukera ere emango dute leku eta ordutegi berean. Zapatuan eta domekan, gainera, 11:30ean hasita, bokartaren tratamendua eta ezaugarriak ezagutu ahal izango dituzte Gune didaktikora bertaratzen direnek.
Azkenik, hegalabur eta hegaluzearen desberdintasunak zeintzuk diren jakiteko dastatze didaktikoa egingo dute zapatuan. Egun berean, kontserben inguruko asmakizun apustua eta inkesta-jolasak ere egingo dituzte.
Ikusteko eta dastatzeko ez ezik, erosteko aukera ere egongo da urtero bezala Bermeon. Hain justu, 20 erakustoki bilduko ditu aurtengo Arrain Azokak; horietan, enpresa eta erakundeek beraien produktuak jarriko dituzte salgai eta arrantza mundua ere erakutsiko dute. 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik azoka bariku eta zapatuan; domekan, berriz, goizez bakarrik.
Kontsignak aukeran
Aurten, gainera, Arrain Azokara bertaratzen direnek kontsignak izango dituzte Turismo Bulegoan, erosketak erosoago egin ahal izateko.
Egun horietan zehar, musikaz girotutako jai girorik ez da faltako. Lehenengo urtez, gainera, lehiarako tartea ere utziko du azokak: I. Ikurriña batelen estropada jokatuko baitute zapatuan.