
Peralen eta gainontzekoen atxiloketak saatzeko manifestazioa, Gernika-Lumon
Gernika-Lumoko Udalak Zuriñe Peral Muxikako bizilagunaren atxiloketa salatzeko mozioa onartu du azken osoko bilkuran. Guardia Zibilak astelehenean atxilotu zuen Peral, beste 20 lagunekin batera, Internet bidez terrorismoa goratzea leporatuta.
Udalak xaxatze polizialarekin amaitzea eskatu du, terrorismoa goratzearen aitzakipean hegoak moztu baitizkiote adierazpen askatasunari. “Sare sozialetan ere”, adierazpen askatasuna zaindu beharreko eskubidea dela deritzo udalbatzak.
EH Bilduk aurkeztutako mozioak dioenez, “konponbide garaia da Euskal Herrian”. Hala, iraganeko errezetak alboratzeko eta antzezpen mediatiko polizialak alde batera uzteko eskatu dute herriko udal ordezkariek, aho batez. “Inoren eskubideak atxiloaldian eten barik, ustezko delituen aurrean epaileak jarri behar du hitzordua”.
Gernika-Lumoko Udalaz gain, eskualdeko herritarrek ere Peralen atxiloketa salatu dute egunotan. Hain zuzen, astelehenean manifestazioa egin zuten Gernika-Lumon, eta, eguaztenean, elkarretaratzea Muxikako Kurtzero auzoan. Manifestazioak, esaterako, 140 lagun inguru batu zituen.
Peralek jakinarazi duenez, momentuz ez daki karguekin edo kargu barik utzi duten libre. Haren abokatua Madrilen (Espainia) izan da asteon, baina ez du inolako argibiderik jaso.