
Espaloian taldeko kideak
Haimar Arejitak (Gernika-Lumo, 1976), Alex Aranak (Bilbo, 1982); Dani Asuak (Gernika-Lumo, 1976), Ander Erzillak (Durango, 1966) eta Gaizka Salazarrek (Bilbo, 1976) Espaloian musika taldea osatzen dute. Espaloian taldeagaz Itoizen abestiak jotzen dituzte musikari horiek, Euskal Herriak eman duen talderik garrantzitsuenetako bati omenaldi xumea egiteko helburuagaz. Itoizen omenezko talde bat sortzea, gainera, iraganeko musika ezagutarazteko modu ezinhobea dela deritzote. Itoizen musika belaunaldi berrien artean zabaltzeko beste aukera bat izango dute gaur Bermeoko Kafe Antzokian, 23:00etatik aurrera.
Noiz bururatu zitzaizuen Itoizen omenezko talde bat sortzea?
Haimar Arejita. Iazko irailean bururatu zitzaidan proiektu hau martxan jartzea. Itoiz oso gustuko dut, eta talde horren zenbait abesti jotzeko gogoagaz nengoen. Hala, lagunei deika hasi nintzen, ideia polita izan litekeela uste bainuen. Segituan eman zuten baiezkoa guztiek.
Alex Arana. Ez dago istorio luze eta sakonik honen guztiaren atzean. Haimarrek deitu egin zigun, eta gustura esan genuen baietz.
Zergatik aukeratu duzue Itoiz taldea, eta zergatik jarri diozue taldeari Espaloian izena?
Arejita. Itoiz nire talde kuttunetako bat izan da gaztetik. Euskal Herrian oso garrantzitsua den tade bat da, eta asko gustatzen zait talde horren abestiak jotzea. Espaloian izena, bestalde, taldeko diskorik hoberena iruditzen zaidalako aukeratu nuen.
‘Espaloian’ diskoko abestiak jotzen dituzue bakarrik?
Arejita. Disko horretako bederatzi abestiak jotzen ditugu, baina, guztira, hamasei kantako errepertorioa daukagu. Abesti ezagunak jotzen ditugu.
Zaletasunagatik hasi zineten batzen edo zuzenekoetarako talde bat sortzea zen helburua?
Arejita. Batez ere, elkarrekin Itoizen abesti batzuk jo ahal izateko batu ginen. Taula gainean jotzearena bigarren maila batean zegoen, baina kontzertu eder batzuk lotu ditugu dagoeneko. Ez genuen espero hainbesteko arrakasta, eta pozarren gaude.
Itoizen abestiak zuzenean jotzea bereziki zirraragarria da?
Arana. Guretzat ikaragarria da Itoizen kantak jendaurrean jotzea. Itoizen abestiak taularatzea, baina, erraza dela uste dut. Zaleek abestiak ezagutzen dituzte dagoeneko, eta jendeak oso ondo erantzuten du. Lehen momentutik abesten hasten da publikoa. Nire kasuan, Juan Carlos Perezen ahotsa imitatzea egokitu zait, eta oso zaila da. Hala ere, pozarren jotzen ditut Itoizen abestiak.
Modan dago musika talde famatuen omenezko proiektuak sortzea?
Arejita. Baietz uste dut. Norbanakoak oso nostalgikoak gara orokorrean, eta iraganeko talde famatuen abestiak zuzenean entzutea gustatzen zaigu. Gaur egun, gainera, abesti propioak taularatzea zaila da. Hala, zuzenean jotzeko erraztasunak eman ditzake Espaloian bezalako talde batek.
Ander Erzilla. Horretatik harago, ez dugu ahaztu behar abestiak betidanik moldatu izan direla. Jazzean, esaterako, behin eta berriz errepikatzen dira jadanik sortuta dauden doinuak. Zergatik ezin da berriro sortu abesti bat eskainitakoa interesgarria bada? Itoizen kasuan, gainera, Euskal Herriko kulturaren altxor bat dira taldearen abestiak. Hala, Espaloian iraganeko musika belaunaldi gazteei trasmititzeko tresna da. Musika mota honen berri ez dutenei berau ezagutzeko aukera ematen diogu. Gazteei euskal musikaren historia ezagutarazten diegu, gehienek ez baitakite Itoiz zer zen ere. Hori guztia trasmititu ezean, bidean galduko da gure historiaren parte bat. Horregatik guztiagatik, iraganeko abestiak ezagutaraztea politika kultural baten barruan egon beharko litzatekeela deritzot.
Arana. Itoizen kasua oso adierazgarria da. Historikoki Euskal Herrian egon den talderik handienetako bat da, handiena ez bada. Hala, oso tristea izango litzateke talde horren musika galtzea abesti horiek transmititu ez genituelako.
Orain arte kontzertu bakarra jo duzue. Berezia izan al da?
Arejita. Bakarra, baina kristona [barreak].
Arana. Lehen kontzertua ikaragarria izan zen. Sarrera guztiak agortu ziren, eta ederto pasatu genuen. Juan Carlos Perez eta Antxon Fernandez Itoizeko taldekideak ere bertan izan ziren, eta oso kontzertu berezia izan zen. Badakigu hurrengo kontzertuetan ez direla egongo, baina guretzat bereziki pozgarria izan zen musikari handi horiek Lizeo Antzokian egotea.
Nola erantzun zuten zaleek lehen kontzertuan?
Arejita. Zaleek oso gustura eta harrituta utzi zuten aretoa. Ez zuten espero horrelako ikuskizun bat. Oso ondo prestatu ditugu abestiak, eta zaleek asko eskertu zuten. Musikak aretoa hartu zuenean, zaleek iraganeko bizipenak ekarri zituzten gogora.
Zer motatako zaleak batu zenituzten lehen kontzertuan?
Erzilla. Gazteak eta helduak batu genituen; baina, batez ere, Itoizen nostalgikoz bete zen aretoa. Gazte askok ez dute Itoizen musika ezagutzen, baina ziur nago abesti horiek entzunez gero gustuko izango lituzketela.
Salazar. Nire ilobak, esaterako, hamabost urte dauzka, eta talde honegatik izango ez balitz, ez luke Itoiz ezagutuko. Bertan jotzen hasi nintzelako hasi zen Itoiz entzuten, eta orain ez du beste ezer entzuten.
Gaur bertan Bermeon jo behar duzue, ezta?
Arejita. Kafe Antzokian joko du oraingoan. Garagardo bat hartuz, Itoizen musika entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Taldea ezagutzen dutenek zein taldea ezagutu nahi dutenek primeran pasatzeko aukera izango dute.