Xabi Ortuzar, Bermeon
Mundua hankaz gora jarriko lukeen hiperaktibo bezala deskribatzen du bere burua Xabi Ortuzarrek (Bermeo, 1986). Pablo Malo zinemagilearen
Lasa eta Zabala filman parte hartuko du. Baionan hasi ziren grabatzen urtarrilaren 27an Joxean Lasak eta Joxi Zabalak 1983an pairatu zituzten bahiketa eta torturak eta ondorengo hilketa pantailaratuko dituen filma. Grabaketak bukatu dituzte dagoeneko.
Joxi Zabalaren anaia nagusiaren papera duzu filman. Zein eginkizun izango du?
Juan Mari Zabalaren papera dut, bai. Iñigo Iruin abokatuarekin jarri dira harremanetan Juan Mari Zabala bera eta baita Migel Mari Lasa – Joxean Lasaren anaia– ere. Hala, Iruinekin eta familiarekin bilduta, prozesu guztia jarraitzen dugu. Urtean hiru bat aldiz batzen ziren eurak, eta batzar horiek egiten ditugu guk ere.
Zer biltzen du pelikulak?
Garai hartan bizi izandako gertaera kontatzen du. Nik uste dut ez dela ideologia edo politika munduan sartzen, gertaerak jazo bezala kontatzen baititu. Beste sektore batzuek gertaera hori birgogoratzea nahi ez badute ere, nire ustez, oso garrantzitsua da hori egitea; batez ere, halakorik berriz gerta ez dadin eta ukatu ezin daitekeen gure historiaren parte delako.
Ez al da zaila filma mundu politikotik aldentzea?
Gauzak banatzea gura izan arren, askorentzat banaezina da; eskutik doaz. Hala, filmaren ekoizleak berak jakinarazi bezala, gai politikoa jorratuta, zailagoa izan da finantziazioa lortzea ere.
Eta aktoreei dagokienez, zaila izan al da film honetan parte hartzea kontuan izanik gertaera politiko baten kontakizuna dela?
Niretzat ez da zaila izan. Proposatu egin zidaten, eta oso gustura egin dudan lana da. Azken finean, beste paper bat da. Ilusioagaz egindako lana izan da. Gainera, Unax Ugalde aktoreagaz egin dut behar, eta hori oso polita izan da niretzat.
Zabalaren anaiaren papera izan duzu oraingoan, baina beste aldeko papera eskainiz gero?
Azken finean, aktoreak gara, eta, beraz, paper hori egin beharko banu, egingo nuke. Beste aldea ez dugu izan zena baino txarragoa irudikatu, ezta hobeagoa ere. Artxiboko informazioagaz gertatu zena kontatzen dugu; ez gehiago eta ez gutxiago.
Antzeztean, beraz, pentsaerak alde batera uzten al dituzu?
Nik uste dut garrantzitsua dela hori egitea eta egin beharrekoan zentratzea. Hiltzaile edota erasotzaile baten papera egokituz gero ere, aktoreak badaki ez dagoela bere ideologiaren baitan gauza horiek egitea, baina pertsonaia defendatu behar izango du.
Grabaketak bukatuta, zer iruditu zaizu zailena?
Beharbada, hilerrira Lasa eta Zabalaren hilkutxak heldu zireneko eta Ertzaintza bildutakoen kontra bortizki oldartu zeneko momentuak egin zaizkit zailenak; eta baita hilkutxak hobi komunetan sartu zituzteneko momentuak ere. Gaztea nintzen hura gertatu zenean, beraz, oroitzapen handirik ez daukat, baina momentu haiek gogoratzea oso gogorra izan da. Gainera, Lasa eta Zabalaren familiak ere grabaketetan izan dira, eta horrek oso urduri jartzen zaitu.
Horrelakoetan, nork bere sentimenduak geldiaraztea zaila al da?
Bai, hala da. Paco Etxebarria forentsearen artxiboagaz lan egin dugu: benetako argazkiekin, beraien buru-hezurrekin… Halaber, errealitatean hobiratuta dauden tokitik bi metrotara lurperatu ditugu filmerako. Hortaz, ezinbestean enpatizatzen duzu familiek modu bidegabean sufritu izan dutenagaz.
Filmerako zein baliabide izan duzue?
Nik dakidanez, gertaera bizi izan zituztenen testigantzak bildu dituzte, eta horiei artxiboko irudiak eta materiala gehitu dizkiete.
Zeresana emango duen filma izango da. Kritika alderdikoientzako lekua ere izango al da?
Nik uste dut Pablo Malo zinemagileak lan ona egin duela, gertatutakoa kontatuz eta balorazio pertsonaletan sartu barik. Zinearen alorretik begiratuz gero, oso lan zaindua da. Kritikak herritarren esku uzten ditut.
Grabaketetako zailena aipatu duzu, baina onena zer izan da?
Momentu zail horiek izan dira politenak niretzako: aktore moduan halako momentuak bizitzeak pentsa eragin egin didate.
Zure pentsatzeko eran zerbait aldatzea lortu al dute?
Beharbada, oraindik azkarregi da hori esateko, baina asko pentsatu dut gai horren inguruan. Pili Zabalak –Joxi Zabalaren arrebak– esan zidanez, garai hartan ustez fidagarrienak ziren komunikabideak izan ziren gezur gehien kontatu zutenak, eta, orain horretan jartzen dut arreta; alegia, helburuaren arabera komunikabide bakoitzak zer esaten duen begiratzen dut. Azken finean, ohartu naiz komunikabide jakin batzuen atzean egia kontatzea barik beste helburu batzuk daudela.