
Langileak osoko bilkuran. Zutunik berba egiten Marisa Etxebarria
Atzo, Totorikaguena enpresako beharginek Gernika-Lumoko osoko bilkuran parte hartzeko aukera izan zuten. Langileek udaletxean egoteko aukera eskertu zuen, baina orain arteko babes falta kritikatu zuten. Jakinarazi zutenez, “gaur arte [atzogatik] ezin izan dugu osoko bilkuran parte hartu, bidezko prozedimendua ezagutzen ez genuelako”. Izan ere, langileek behin baino gehiagotan eskatu dute osoko bilkuran berba egitea, baina ez bidezko prozedimendua erabiliz.
Luis Ortuzar EAJko ordezkariaren laguntza eskaintzari erantzunez, adierazpen instituzional bat kaleratzeko berandu dela esan zuen Marisa Etxebarria beharginen ordezkariak. “Eskerrik asko, baina berandu da guretzat; hilaren 13an kaleratuko gaituzte”. Etxebarriaren berbetan, “nola sentitu garen adierazi nahi genuen bertan, berriro ere berdina gerta ez dadin”. Nabarmendu du Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa sentitu dutela, baina ez etxeko erakundearena. “Ia sei hilabete egin behar izan ditugu borrokan, udaletxean berba egin ahal izateko”.
Udal ordezkarien babes pertsonala ere, oso urria izan dela esan zuten beharginek. Nabarmendu zutenez, “Espe Uriarte eta Lourdes San Severino zinegotziak bakarrik geratu dira gurekin berba egitera, nahiz eta guztiok pasa zareten gure aurretik”. Etxebarriaren hitzetan, elkartasun keinu bat baino ez zuten behar, beraien egoera apur bat gozotzeko.

Osoko bilkuran zenbait tentsio une ere bizi izan ziren. Ortuzarrek esan zuen agian txarto jokatu dutela edo gaizki ulertuak egon direla, baina ez zuela jarrera onik ikusi beharginengan, nahiz eta jakin badakien langileak egoera gogor bat bizitzen dabiltzala. “Zuongana gerturatu nintzenean bakarrik esan zenidaten ez dugula ezer egin” argudiatu zuen.
EAJko ordezkariak esandakoa ez zitzaien gustatu langileei. Gogoratu ziotenez, “behin bakarrik egin duzu berba gurekin, eta ez zinen borondatez gerturatu”. Aurpegiratu ziotenez, “gutako batek heldu zintuen eskutik”. Ortuzarrek esan zuenez, baina, bera izan zen langilea besotik hartu zuena, zelan zeuden galdetuz. Istilua gezurrik ez esateko eskaeragaz amaitu zuten beharginek. “Inor ere ez dugu txarto hartu, eta mindu egiten gaitu hori esateak”.
Osoko bilkuran, Uriarte zinegotziak eta Jose Maria Gorroño alkateak ere egin zuten berba. Nabarmendu zutenez, inoiz ere ez dute jarrera txarrik sumatu. Uriartek zein Gorroñok barkamena eskatu zieten langileei, babes nahikorik ez badute erakutsi. “Zuon aurretik pasatzen nintzenean agur egiten nizuen, baina ez nuen zuekin berba egin. Hala, damu naiz babes barik sentitu izan bazarete”, esan zuen Gorroñok.