
Mechthild Dortmund eta Hubert Brieden
Condor Legioak Gernikako bonbardaketan izan zuen esku hartzea ikertzen eman ditu Hubert Brieden historialariak azken 30 urteak; Gernika-Lumon izan da, bonbardaketaren urteurrenean.
Herria bonbardatu zutela 77 urte joan dira, eta oraindik ezinezkoa da 1937ko apirila hartan gertatu zen guztia ezagutzera ematea. 1981. urtean hasi ziren ikertzen alemaniako zenbait herrik naziekin izan zuten harremana. Hala jakin zuten Neustadt herritik gertu dagoen hegazkin-base militarretik atera zirela Espainiako Gerra Zibilean parte hartu zuten unitate militarrak, «baina indar armatuen komandantziari horri buruz galdetu genionean den-dena ukatu zuten». Gobernua ere dena ukatzen saiatu zen, baina hainbat gertaera eta datu publiko egin zituzten historialariek. «Orduan, gertatutakoari garrantzia kentzen saiatu zen».
Orain bi urte ipini zuen lehenengoz ikusgai historialari taldeak Wunstorfeko base militarraren, Condor Legioaren eta Gernika-Lumoko bonbardaketaren arteko lotura egiten zuen erakusketa; eta Wunstorf herrian ipini zuten. «Airezko indar armatuen krimenak erakusten zituen; batez ere, Gernika-Lumon egin zuten sarraskia».
Condor Legioa eta Franco
Wunstorfen hezi zituzten Condor Legioa osatu zuten militar naziak, eta handik atera ziren Gernika bonbardatu zuten hegazkinak. «Gainera, Condor Legioak zuen goreneko komandantzia, eta egiten zuenari buruz ez zuen inolako konturik eman behar; Francisco Francoren aginduetara zeuden». Nazismoa ikertzen aritu izan den talde horrek egindako erakusketak piztu zuen Wunstorf hiriko biztanleen kontzientzia. Gertatu zenaz ohartzen hasiak dira, Alemaniak garai hartako gerretan izan zuen inplikazioaren erantzukizunekin ohartzen hasiak dira. «Askok esan izan digute ‘Gernika’ koadroa ezagutzen zutela, eskolan ikasi zutelako gerraren eta sarraskiaren kontrako obra bat zela. Baina inork gutxik zekien Gernika herri bat zela». Eta herritarrek ez zekiten Gernika Condor Legioak, Alemaniako hegazkin naziek, bonbardatu zuten herria zela. «Ez zekiten Gernikako sarraski hark euren herriarekin zerikusi zuzena zuenik».
Condor Legioak zuen goreneko komandantzia, eta egiten zuenari buruz ez zuen inolako konturik eman behar; Francisco Francoren aginduetara zeuden»
Erantzunik gabeko galderak
«Alemanian posible izan da gertatutakoa ikertzea, eta artxibo militarrak kontsultatu ahal izan ditugu». Hala ere, oraindik gauza asko daude argitzeko: «Zergatik bonbardatu zuten Gernika? Eta bonbardaketaren helburua Errenteriako zubia suntsitzea baldin bazen, zergatik ez zuten egin?». Galdera horien erantzunak Salamancako (Espainia) artxiboetan aurki ditzaketela dio Briedekin batera Gernika-Lumo bisitatu duen Mechthild Dortmund itzultzaile eta aktibistak. Oraindik ez dute aterik jo, «izan ere, beti esan izan digute artxibo horiek oraindik ez dituztela publiko egin». Alabaina, jakin badakite zenbait historialarik artxibo horietako batzuk kontsultatzeko aukera izan dutela, eta saiakera egitea interesgarria litzatekeela deritzote Brieden eta Dortmundek. «Artxibo horiek publikoak izateko dauden eskaerekin bat egiten dugu guk ere».
Bada, baita, Alemaniako historialariak argitu nahiko lukeen beste zalantza bat:
Gernikako bonbardaketak utzi zituen biktimen kopuru zehatza. «Nola liteke gaur egun oraindik hori ez jakitea?».
Horregatik, egindakoa onartzeko garaia dela diote, benetan gertatu zena argitzeko eta egindako kaltea erreparatzeko. Alemaniak berak Espainiako Gerra Zibilean eta Gernikako bonbardaketan izan zuen inplikazioa onartu beharko luke, eta gauza bera egin dezala exijitu beharko lioke Espainiari.