
Maiatzaren 11rako antolatu du Ibilaldia Elkarteak pintxo lehiaketa. 13:30ean jarri du hitzordua, Ibilguneko tabernan, eta edonork parte hartu ahalko duela zehaztu du, pintxoak etxean prestatu eta hara eraman beharko baitira. Dena den, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, eta, horretarako, maiatzaren 9a orduko bidali beharko da mezu bat
kultura.ibilaldia14@seberaltube.net helbidera, parte hartzailearen izen-abizenak, adina eta harremanetarako helbide bat edo telefono zenbaki bat zehaztuz.
Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, pintxo mota bi aurkeztu ahalko ditu, eta mota bakoitzeko bost eraman beharko ditu maiatzaren 11n Ibilguneko tabernara. Edozein osagai erabil daiteke pintxoak egiteko.
Lau tabernarik osatuko dute epaimahaia, eta haien erabakia apelaezina izango da. Aurkezpena, prestakuntzaren zailtasuna, zaporea eta osagaien kontrastea eta originaltasuna eta sormena edukiko dituzte kontuan.
Hiru sari egongo dira: Aristieta landa-etxean bi pertsonarentzako gau bateko egonaldia, Urdaibaiko produktuez osatutako otzara bat eta txakolin botilak.