
Bermeoko zortzigarren triatloiak emango dio hasiera 2014ko euskal zirkuituari. Lasterketaren muina, helmuga eta boxak Portuzarrean egongo dira, Kirol Portuan, Nestor Basterretxea artistaren Olatua monumentuaren ondoan.
Hain zuzen ere, Rafa memoriala sprint distantziakoa izango da. Horrela, Bermeoko Aritzatxu Triatloi Taldeak prestatutako proban 750 metro egin beharko dituzte triatletek, bizikletan 22 kilometro pasatxo eta korrikan 5 kilometro.
Kupoa beteta
Euskal Herri osoko hainbat triatletak parte hartuko dute biharko triatloian. Antolatzaileek adierazi dutenez, parte hartzaileei dagokienez, euskal zirkuituko lehen proba horretan kupoa bete dute. “450 bat lagunek parte hartuko dute, eta, horietatik, 50 inguru emakumeak izango dira”, adierazi dute Bermeoko Aritzatxu Triatloi Taldeko kideek.
Arratsaldean izango da proba. Uretaratzen lehenengoak emakumeak izango dira. Hain zuzen, 16:00etan hasiko dute proba, Kofradia ingurutik. Handik hamar minutura gizonezkoen txanda izango da, eta, andre zein gizon, ia itsas milia erdi (750 metro) egin beharko dituzte igerian parte hartzaileek, Portuzarreko Olatua inguruan egongo diren boxetara bueltatu aurretik. Han hartuko dituzte bizikletak.
Lehen trantsizioaren ostean, 22 kilometro inguru egin beharko dituzte triatletek bi gurpilen gainean. Berritasuna ibilbide aldaketa izango da, Gernika-Lumoraino joan beharrean aurten Bakiora joan-etorria egin beharko baitute. “Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak lege zorrotzagoak jarri ditu, eta lehen egiten genuen Bermeo-Gernika-Lumo ibilbidea ezinezkoa zen egitea”. Horrela, aurten Gaztelugatxe eta Aketxe aurretik pasako dira parte hartzaileak, aldapa ugariz betetako ibilbidean. “Aurreko urteekin alderatuta, ibilbide honek gorabehera handiak ditu; batez ere, aldapa gora asko, eta txirrindulari onek tropeletik aurreratzeko eta nabarmentzeko aukera izango dutela uste dugu”, gaineratu dute.
Bigarren trantsizioaren ondoren, lasterketako azken atalari aurre egin beharko diete parte hartzaileek, bost kilometroko ibilbidea osotuz korrika. Portuzarretik hasita, portu komertzialeraino bi itzuli eman beharko dituzte triatletek, helmugara heldu orduko.