
Totorikaguenako dendetako bat, langileen aldeko pegatinaz beteta
Totorikaguena enpresako beharginek biharko osoko bilkuran parte hartuko dute. Jakinarazi dutenez, mozio bat sartu dute eta berba egiteko aukera izango dute. “Gure kasuari buruzko azalpenak emango ditugu, langileon iritziaren berri emateko”. Izan ere, apirilaren 16an udalak beharginei babesa adierazteko prentsa ohar bat zabaldu zuen arren, bertoko erakunde publikoaren elkartasuna faltan bota dutela jakinarazi du Marisa Etxebarriak.
“Kalean egon garen egun guzti hauetan gobernuan den alderdiko kideak zein oposizioko ordezkariak ez dira gure egoeraz arduratu” kexatu da Etxebarria. Dioenez, badakite udalak ezer gutxi egin dezakela, baina garai zailetan elkartasun keinuak bereziki pozgarriak direla gogorarazi du.
Alde horretatik, Totorikaguenako langileak adibide bat ere jarri du. Etxebarriaren berbetan, “gugana gerturatu den politikari bakarra Laura Mintegi izan da. EH Bilduko legebiltzarkidea bonbardaketaren urteurreneko ekitaldietan parte hartzen ari zela hurbildu zen bertoko herritarrengana. “Asko eskertzen dugu keinu hori”.
“Zor digutena ordaindu arte”
Langileen ustez oso zaila izango da lanpostuak salbatzea. Hala ere, azken egunera arte protestaka jarraituko dutela iragarri dute. “Gutxienez zor digutena ordaindu arte borrokan jarraituko dugu”. Besteak beste 2013ko ordainsariak, eta martxoko eta apirileko soldatak zor ditu enpresak.
Beharginek jakinarazi dutenez, bestalde, kaleratze agiriak jasotzeko data atzeratu du enpresak, hilaren 9tik 13ra. Hala, beharginek ez dute jabeen jarrera ulertzen. “Enpresa zarratzeko hainbeste presa badaukate, zergatik luzatzen dute langileon agonia?”. Etxebarriak salatu duenez, “aurpegira barre egiten dabiltzala iruditzen zaigu”.