
Gernika Bizkaiako neskak, udaletxean
Gernika Bizkaia taldeak lehen mailan jokatuko du hurrengo denboraldian. Igoera faseko partida guztiak irabazita, “merezitako” saria jaso dute Mario Lopezek entrenatzen dituen neskek. Era berean, Brittany Miller igoera faseko jokalaririk onena izendatu dute Logroñon. Hori guztia dela eta, herritarrek harrera egin zieten atzo, lortutakoaren aintzatespen gisa. “Emozioz beteta” hartu zuten harrera saskibaloi jokalariek, eta Gernikako arbolaren irudi den oroigarri bana hartu zuten Jose Mari Gorroño alkatearen eskutik.
Urte osoan erakutsi duten joko ona erakutsi dute gernikarrek igoera fasean jokatu eta irabazi dituzten lau partidetan. “Azken finean, hemen lortu duguna urte askotako lanari esker lortutako saria besterik ez da. Klubeko beste talde guztien lana alperrikakoa ez dela ikusi izan dugu hartara. Asko sufritu izan dugu urte hauetan guztietan, baina gure jarraitzaileak hor egon dira, gure ondoan, behar genuen indarra emateko. Horrez gain, hau dena posible egin izan duen talde teknikoaren lana eskertu nahiko genuke; baitababesleena ere, ezinbestekoa delako. Azken horiek emandako laguntza ekonomikorik gabe ezer gutxi egin genezake eta”, azaldu du talde teknikoak.
Lehen mailarako txartela lortzeko igoera fase horretan aritu diren zortzi taldeetatik etxeko jokalariak zituen talde bakarra izan da Gernika-Lumokoa: “Garaipen hau etxeko jokalariekin lortzeak gehiago pozten gaitu”.
Logroñoko Lobete kiroldegian jokatu dituzte partiduak asteburuan, eta han izan dira Gernika-Lumoko taldearen zaleak ere. Domekan, esate baterako, 200 bat lagun joan ziren Errioxara, Gernika Bizkaiari animoak ematera. “Une hauetan ere gurekin egotea eskertzekoa da. Urte osoan ez digute hutsik egin, eta ez genuen gutxiagorik espero. Gure zaleak hor ditugula jakitea eskertzekoa da. Partida guztietan gurekin sentitu ditugu, eta aurrera egiteko kemena eman digute. Euren laguntzarik gabe ezingo genuke ezer lortu”, azaldu dute, aho batez, taldekideek.
Garaipen historikoa
Gernika Bizkaiak historia egin du. Lehen mailako taldea da, Fundal Alcobendasen aurka finaleko partida 57-48 irabazi ostean.
Azken neurketa hasi aurretik jokalariek argi zuten neurketa oso gogorra izango zela. Alcobendasen aurka ligan jokatutako bi partiduak galdu ostean, domekan irabaztea «oso pozgarria» izan zen taldearentzat. Partida denetan egin legez, irabazteko grinarekin atera ziren Lobeteko kantxara Mario Lopezen neskak. Partida estua izan zen eta markagailuan aurkariekin parekatuta izan ziren 40 minutuetan; baina, batez ere, finaleko azken hamar minutuak izan ziren intentsoenak. Gernika-Lumokoek gogor ekin zioten partidari, eta bikain aritu ziren defentsa lanetan.
Igoera faseko finala irabazi eta lehen mailako txartela lortu ostean, poz batean hasi ziren taldeko jokalari guztiak garaipena ospatzen, Lobeteko kantxan. Aldageletan, esate baterako, ohitura duten modura, jokalariak ez eze, talde teknikoak ere dutxaren ur azpian bustita amaitu zuen erropa eta guzti. Ostean, jarraitzaile eta senideekin ospatzeko aukera izan zuten. Pozarren, emozioak Lobeteko kantxa osoa bete zuen, “taldekide askok negar ere egin zuten”. Logroñotik bueltan, Gernika-Lumon bertan ordu txikiak arte luzatu zituzten ospakizunak, lagun, senide eta zaleekin batera.