Lokalen erabilerarengatik sortu ahal diren arazoak ekiditze aldera sortu du udalak LokaLeku parte hartze prozesua ‘Bermeon Erabaki’ ekimenaren baitan. Horrez gain, auzokide eta gazteen arteko hartu-emana sendotzea eta herriko gazteek erabiltzen dituzten lokalen egoera egokia izatea ere baditu helburu. Horretarako, auzokideekin zein lokaletako gazteekin bilduko da udala maiatzean.
Urte eta erdiko lanaren ondoren, martxan jarriko dute parte hartze prozesua hiru fasetan banatuta. “Lehenengo fasean diagnostikoa egingo da; bigarrenean eztabaida tailerrak eta hirugarrenean denon artean eraikitako gida adostu eta aurkeztuko da”, azaldu du Bermeoko Udaleko Juan Karlos Agirre Gazteria eta Partaidetza zeingotziak.

Maitane Muñoz, Juan Karlos Agirre eta Iñaki Lopez gaurko prentsaurrekoan
37 lokalen itxiera
Arazo ezberdinak tarteko, azken 10 urteetan herrian 37 gazte lokal itxi dituztela gogora ekarri du Agirrek; bere esanetan, lokal horien baldintzak eta erabilerak anitzak dira; horregatik, udalak gazte lokalen erabilera egokia izateko gida bat egitearen beharra ikusi du. Hala, lokalak erabiltzen dituzten gazteak, lokalen auzoetako bizilagunak zein lokalen jabeak parte hartze prozesuan inplikatzen “ahalegin berezia” egingo du udalak, “guztion ekarpenak eta iritziak beharrezkoak direlako”.
Dagoeneko hasia dute diagnostiko fasea; “lehen hartu-emana izan dugu; alegia, herriko gazte lokalen kokapena zein den jakin dugu, eta bertan izaten diren gazteen ezaugarriak –adina eta sexua, esaterako– ezagutu ditugu; momentuz, 25 lokal aurkitu ditugu eta gehienak Alde Zaharrean daude”, azaldu du Maitane Muñoz Urtxintxa Eskolako kideak. Gaineratu duenez, bi aldetatik landu behar da gaia; “batetik, lokalaren egoera zein den, eta, bestetik, lokalak zergatik itxi diren aztertu beharra dago”.
Batzarrak maiatzean
Azken finean, lehenengo fase horretan, herriko lokalen egoeraren berri izateko pausoak emango dituztela azaldu du Iñaki Lopez Gazteria teknikariak, eta, horregaz batera, egon daitezkeen arazoak identifikatuko dituztela gaineratu du. Hala, herriko gazteei dei egin die “lokaleko ateak irekitzeko eta horien inguruko hainbat galderari erantzuteko”.
Bigarren fasean, berriz, heritarren iritziak eta egoera ezagutzea izango dute helburu; besteak beste, “lokalek duten erabilera, gazteen eredu eta aisiadi aukerak eta bizilagunek lokalen femomenoa nola bizi duten jakiteko”. Horretarako, lau batzar egingo dituzte: maiatzaren 13an, esaterako, lokalen jabeekin bilduko da udala; maiatzaren 14an auzokideekin eta maiatzaren 15ean gazteekin. Talde horiek guztiak batzeko hitzordua ere jarri dute: maiatzaren 22an. Gizarte eta Kultura Etxean elkartuko dira aipatu egunetan 19:00etan.
Azkenik, hirugarren fasean, bizikidetza gida adosteko prozesuan murgilduko dira, eta horren baitan, hiru batzar egingo dituzte gazte, auzokide, jabe eta udal ordezkari eta tekiknariek: hain zuzen, maiatzaren 29an eta ekainaren 5ean eta 12an bilduko dira aipatutakoak Gizarte eta Kultura Etxean 19:00etan.
Informazio gehiagorako
LokaLeku parte hartze prozesuari buruzko informazioa eskuratu gura duenak Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzura jo beharko du, edo bestela internet bitartez ere kontsultatu ahalko du: www.bermeokoudala.net, facebook.com/bermeonerabaki zein bermeonerabaki.wordpress.com helbideetan.