14 urtera arteko umeek parte hartzeko aukera izango dute lehiaketan; horietako bakoitzak kartel bana aurkeztu ahal izango duelarik, maiatzaren 23a baino lehen.
BUSTURIKO JAIAK 2014 lelopean egin beharko dituzte lanak; betiere, Busturiko jaiekin lotutakoak izan beharko dute.

Iaz, Josu Cabriada mundakarraren kartela aukeratu zuten 2013ko Busturiko Jaiak iragartzeko.
Marrazkiak egiteko teknika aukerakoa izango dute parte hartzaileek, eta formatu bertikalean (50x70cm) zein horizontalean (70x50cm) aurkeztu ahalko dituzte Busturiko Udalak jakinarazi duenez, Kultura Etxean entregatu beharko dira lanak kartazal baten barruan eta izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia zehaztuta.
Parte hartzaile guztien artean lehenengo hirurak sarituko dituzte, opari eta diploma bana emanez. Irabazleak nortzuk diren ekainaren 6a baino lehen jakinaraziko du epaimahaiak. Hala ere, lehiaketa sari barik gelditzeko eskubidea izango du, “aurkeztutako lanek behar diren merituak betetzen ez badituzte”.