
Arratzuko lehen gau traila oso arrakastatsua izan da. Denetara,
ia 300 lagunek parte hartu dute; 111 mendi lasterketan aritu ziren, eta gainontzekoak mendi martxan.
Campos Urdaibai kopako bigarren proba horretan,
mutiletan, Arrolape taldekoak nagusitu ziren.
Lehen eta bigarren
postuan Arrolapeko Imanol Goñi eta Joanes Goitisolo sailkatu ziren,
1.21.35 eta 1.26.26 denborekin, hurrenez hurren. Hirugarren postua Ibon Gurtubairentzako izan zen, 1.18.09ko denboragaz. Horiez gain, Arrolapeko Ander Legarra, Jokin Etxebarria, Aritz Arruti eta Aritz Martin lehen zortzi sailkatuen artean izan ziren.
Nesketan, aldiz,
Zuriñe Frutosek lortu zuen garaipena, 1.48.59ko denborarekin. Atzetik izan ziren Iratxe Muñoz eta Iratxe Arrizabalaga, 1.50.59 eta 1.58.55 denborekin.
Oso
balorazio positiboa egin dute lehen gau trail honen antolatzaileek. “Ibilbidea asko gustatu zaie denei, eta amaieran sekulako giroa egon da”, nabarmendu dute. Eguraldi txarra egin bazuen ere, uste baino jende gehiago batu zen, baina probak iraun zuen tartean aterri egon zen, “zorionez”. Hala ere, lokatz asko egon zen ibilbide guztian, eta batez ere aldapa behera kontu handiarekin ibili behar izan zuten bai korrikalari zein martxariek.