
Gernikako nesken saskibaloi taldeak historia egin du, eta, aurrerantzean nesken ligako lehen mailan jokatuko du. Mario Lopezek entrenatzen dituen neskek “merezitako” garaipena eta igoera lortu dute Logroñon jokatu dituzten lau partidak irabazita. Eurekin batera, Al-Qazeres Extramadura taldea igoko da maila absolutura.
Domekako partiden zain egon gabe, zapatu iluntzean igo zen maila nagusira Gernika Bizkaia saskibaloi taldea. Lehenik eta behin, 63-48 irabazi zieten bizkaitarrek Al-Qazeresi, eta, ondoren, 78-74 galdu zuen Fundacion Prometek. Zortzi taldeen artean onena izan delako igo dira zuzenean gernikarrak. Igoera ospatzeko, ekitaldi bat egingo dute gaur bertan, 20:00etan, Foru plazan.
Logroñon (Espainia) jokatu du Gernika Bizkaiak igoera fasea, Lobete polikiroldegian, eta ez dute herritarren babesaren faltarik eduki. Izan ere, 200 zaletu inguru joan dira Logroñora.