Etorkizunari begira, baina duela 77 urteko sarraskia ahaztu gabe
http://www.youtube.com/watch?v=ydZDXAfbGPs
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Beste behin, 1937ko apirilaren 26a gogoan izan dute gernikarrek, hainbat ekitaldi eginez bonbardaketaren urteurrenean bertan nahiz aurreko zein osteko egunetan. Herriko kaleetan kanpai hotsak entzun ziren zapatuan ere, eta etorkizunari so egon arren, duela 77 urteko gertaera lazgarria ahanzturan erori ez dela adierazi zuten gernikarrek.
Goizean goiz hasi zen zapatuko egitaraua, George Steer zenari egindako omenaldiagaz. Urtero legez, Gernikazarra historia taldeak eta udalak lore eskaintza egin zuten haren omenez Barrenkale Barrena kalean dagoen monolitoaren inguruan. Egiaren garrantziaz mintzatu ziren ekitaldian, eta kazetariak The Times egunkarian argitaratutakoa eskertu zuten.
Bakearen eta Berradiskidetzearen Gernika Sarien ekitaldia egin zuten ondoren Lizeo Antzokian. Manu Leginetxe kazetari arratzuarrari eta John Wynne militar britainiarrari eman dizkiete aurten sariok, “bakearen eta komunikazioaren” alde egindako lanagatik.
Bakea, denon eskubidea
Ekitaldian, bakea lortzeko Euskal Herrian sortutako abagunea aprobetxatu beharraz mintzatu zen Jose Mari Gorroño alkatea, eta esan zuen den-denok daukagula bakearekiko erantzukizuna. Bakea denon eskubidea dela esanda, une historikoarekiko erantzukizuna nork bere gain hartu behar duela nabarmendu zuen, eta horretarako zimendu legalak eraiki behar direla esan.
Nagasakiko alkate Tomihisa Taueren gutun bat irakurri zuen Luis Iriondok ekitaldi berean. Gernika-Lumoko bizilagunei zuzendutako idatziaren bidez, bakean oinarritutako eta arma nuklearrik gabeko mundu baterako bidea elkarrekin egiteko deia egin zuen Tauek.
Ondoren egin zuten sari banaketa. Alemaniako eta Galesko ordezkaritza batek Ben Wynne John Wynne militar britainiarraren semeari eman zion RAFeko (Erresuma Batua) pilotu ohiari zegokiona, Llanbedr (Gales) eta Huchenfeld Alemania) herrien arteko laguntasuna bultzatu zuelako. Bestetik, Gernika-Lumoko alkatearen eskutik jaso zuten Leginetxeren senideek aintzatespena. Hain zuzen, Benigno eta Rosa Leginetxe anai-arrebek hartu zuten saria.
Giza katea, erabakitzeko eskubidearen alde
Lizeo Antzokikoa amaitu orduko hasi zen ondorengo ekitaldia, 13:00etan giza kate bat osatu baitzuten herritarrek. Gernika Batzordeak antolatuta, Pasealekuko babeslekua eta Andra Mari kalekoa lotu zituzten, erabakitzeko eskubidearen alde.
Bestalde, aurten hirugarrenez, Gernika 04 minutu performance herrikoia egin zuten herritarrek 15:45ean, sirena hotsa hasteagaz batera. Lau minutuko tarte horretan, isil-isilik gogoratu zuten 1937ko sarraskia.
Minutu batzuetara hasi zuten Zallo hilerriko ekitaldia. Urtero legez, hainbat erakundetako ordezkariak bildu ziren hilerrian egindako lore eskaintza eta elizkizunean.
Gernika sutan antzezlanaren moldaketa den Gernika garretan lanaren antzezpena ekarri zuten iluntzean herritarrek, eta egitarauarekin amaitzeko, ohiko manifestazio isila egin zuten bonbardaketan hildakoen omenez, kandelak eskuetan zituztela.
Oindik eurrera zeuek konteu biherko dozuez geuriek… lelopean, Lobek eta Astrak ere egitarau berezia eduki zuten zapatuan. Besteak beste, Astra ondoko babeslekua ezagutzeko bisita gidatuak antolatu zituzten, eta Hondartza film laburra proiektatu zuten. Mikel Laboaren Gernika abestian oinarritutako Gernika Lemoizen ikuskizuna ere izan zen Astran.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.